Zaintza

Azken 20 urteotan mendekotasuna duten adinekoen zaintza informala —arlo soziosanitarioko profesionalek aurrera eramaten ez dutena, trukean soldatarik jasotzen ez dena eta gehienbat senitartekoek egiten dutena— garrantzia bereziko gai batetan bilakatu da, bai gizarte ikuspegitik zein klinikotik ere. Funtsean, biztanleriaren zahartzearen eta endekapenezko gaixotasunen areagotzearen ondorioz, luzaroan leku hau betetzen duten gero eta zaintzaile gehiago dago (Casado eta López, 2001).

Gure herrialdean eman diren gizarte aldaketek, emakumeak lan merkatuan sartzea, familiaren egonkortasuna murriztea, familia zabala eta tradiziozko sare informalen desagertzea, gizarte eta lan mugikortasuna areagotzea, eta etxebizitzen neurriak murrizteak besteak beste, egiten dute familian gero eta pertsona gutxiago egotea zaintzaile moduan. Ondorioz, mendekotasuna agertzen denean, zaintza pertsona gutxi batzuengan jausten da zeinak argi eta garbi gainkarga egoerak bizi dituzten. Egoera paradoxiko bat ematen da, izan ere, alde batetik laguntza eskaria geroz eta handiagoa da (mendekotasuna duten gero eta pertsona gehiago, endekapenezko gaixotasun gehiago…) eta beste alde batetik, zaintzaileen baliabideak gero eta urriagoak dira (etxean pertsona gutxiago eta, kasu gehienetan, kanpoko zereginekin).

Norbait gaixotzen denean edo nolabaiteko mendekotasuna agertzen duenean, familia sistemaren baitan bada zaintzaile nagusi bat oinarrizko zaintza lanak bere gain hartzen dituena horrek eragiten dituen ardurekin. Familia akordio espliziturik gabe paper hori betetzen duen pertsona,  familiako gainontzeko kideek gaixoaren zaintzaren arduradun gisa hautematen duten eta orokorki, egindako lanen ordainetan ez du inolako ordainsari ekonomikorik jasotzen. Oso arraroa da familia guztiak mendekotasuna duen adineko pertsonaren zaintza lanen banaketa ekitatiboa egitea, “talde lana” bezala antolatuz. Gehienetan, zaintzaile nagusia izaten da zaintzaile bakarra.

Ukatu ezinezkoa da hainbat gizartetan, gurea barne, idatzirik ez dauden zaintzari buruzko arau  batzuk badirela behar denean nork zainduko duenaren inguruan. Adineko pertsona bat gaixotuz gero edo eguneroko jardueretan arreta beharko balu, espero da honen bikoteak, ahal badu, zaintzea. Honek ezingo balu, generoa faktore erabakiorra izatera pasatzen da, beraz emakume izatea (alaba, erraina, biloba, ahizpa edo arreba, iloba eta abar) zaintzaile errolarekin lotzen da. Nolabait ere, espero izaten da adineko senideen zaintza emakumeen zeregin bat izatea, amatasun errolaren jarraipen baten moduan, etxeko zereginen banaketaren baitan, edo generoaren arabera sortzen diren lotura eta harreman ezberdinen ondorio bezala (Abengozar, 1992; Bazo, 1998; Bazo eta Domínguez-Alcón, 1996; Collins eta Jones, 1997; Flórez, 2002; Lee, 1992).

Ondorioz, Imsersok (2005) egindako ikerketa baten arabera, pertsona nagusiek laguntza behar dutenean, zaintzaile nagusia emakumea izan ohi da (%84), adin ertainekoa (M=53 urte), etxekoandrea (%44) eta gehienetan alaba (%50) edo ezkontidea (%16). Antzerako datuak aurkitzen dira Escudero et al.-ek (1999) eginiko ikerketan: zaintzaileen %90,4 emakumeak dira, %54 alabak, batazbesteko adina 59 urtekoa da, nahiz eta zaintzaileen %69a 64 urtetik gorakoa izan. Estatuan egindako ikerketa ia guztietan adin ertainekoa da zaintzaileen gehiengoa (Alonso, Garrido, Díaz, Casquero eta Riera, 2004; Bazo eta Domínguez-Alcón, 1996; Mateo et al., 2000; Rivera, 2001).

Zaintza behar duten pertsonen senar eta emazteek uste dute emakumeak direla pertsonarik egokienak zeregin horietarako eta emazteek betebehar handiagoa sentitzen dute euren bikoteak zaintzeko senarrek baino (Collins eta Jones, 1997). Gainera, zainketak jasotzen dituena gizonezkoa denean, gehienetan euren bikotekideak dira (%77,6) ardura hartzen dutenak; ostera, zaintzak jasotzen dituztenak emakumeak direnean, gehienbat alabak (%65,9) dira euren ama zaintzeaz arduratzen direnak (Badia, Lara eta Roset, 2004). Mendekotasuna duten adinekoen semeak aldiz, zaintzaz arduratzen dira lan hori hartu dezakeen alabarik ez dagoenean, eta seme hauek euren emazteen laguntza izaten dute (Grand, Grand-Filaire, Bocquet eta Clement, 1999; Horowitz, 1985; Llácer, Zunzunegui eta Béland, 1999). Honela, zaintzaileekin egiten diren ikerketetan aurkitu daitezke errain edo koinatak zaintzaile papera betetzen, baina nekez aurkitu dugu sui edo koinaturik paper horretan (Valderrama et al., 1997).

Hortaz, emazte eta alaben gain geratzen da gehienean adineko pertsonen ardura. Horregatik, lehendik baieztatzen bazen zaintza zenbaki bakunekoa dela, zuzentasun osoz baieztatu daiteke orain “genero femeninokoa” dela (Rodríguez eta Sancho, 1999).

Hala eta guztiz ere, nahiz eta kulturalki, sozialki eta egituralki zaintza lanak emakumeei egotziak izan zaizkien, guztion eginkizuna da sentsibilitzatzea arreta gizon eta emakumeen ardura dela. Ezinbestekoa da familia eta instituzioen erantzunkizuna eta inplikazioa, gizon zein emakume izanda ere, ikustarazteko familia inguruan emandako adineko pertsona baten zaintza, sarritan, zeregin konplexua dela eta ondorio ezberdinak eragiten dituela zaintzaileengan, izan ere, beraien bizitza pertsonala, familia, lana eta aisialdia berrantolatzea eskatzen du.
Zaintzaileek egoera berriei egin behar die aurre, horietako asko estres eragileak izanik, eta gainera eragina izan dezakete euren ongizatean eta bizi kalitatean.

Mendekotasuna duen pertsona baten zaintzan, sentimendu ezberdinak agertzen dira (positibo zein negatiboak zaintzen den pertsonarekiko eta norbere buruarekiko). Garrantzitsua da azpimarratzea senide bat zaintzeak ez duela zertan frustragarria izan behar, izan ere, posible da zaintza lanen alderdi atseginak eta positiboak topatzea. Zaintzeak poztasun edo asebetetze sentsazioa ere eman dezake.

Atalak

  • Zaindu programa
    Zaindu programa
  • Zerbitzuak
    Zerbitzuak
  • Jarduera eremua
    Jarduera eremua
  • Dokumentazioa
    Dokumentazioa
  • Esteka interesgarriak
    Esteka interesgarriak