Albisteak

 
  • Hondakin organikoa bereiztearen onurak azaleratu nahi ditu, eta bere mezu nagusia "hondakin organikoak ongarri bihurtuz on egin lurrari, inguruari, osasunari..." izango da.
  • Hainbat euskarri barnebiltzen ditu, eta herritarrei, organikoa bereizteak dakartzan abantailez gain, edukiontzi marroian bota daitezkeen elementuen inguruko informazioa eskainiko zaie.
  • Amankomunazgoak hondakinen bilketa kudeatzen duen udalerrietan izango du presentzia: Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar.

Hondakin organikoen bilketa sustatzeko "On egin" kanpaina martxan jarri du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak. Sentsibilizazio kanpaina honen bitartez,  hondakin organikoa bereiztearen onuren inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditu herritarrak, eta horrekin batera, eskualdean biltzen den organiko kopurua handitu. Xehetasunak Amankomunazgoaren arduradunek eman dituzte: Aitor Lopez presidenteak, Augusto Uriarte Hondakin Bilketa Zerbitzuko arduradunak eta Ismene Mandaluniz Tokiko Garapeneko teknikariak.

"On egin" leloak organikoa bereizteak dakartzan abantailei egiten die erreferentzia Aitor Lopez Amankomunazgoaren presidenteak adierazi duenez.  “On egin diogu norberaren buruaren mesedetan delako. Hala, osasuna zaindu edota egoera hobetzen ari garela sentitzen dugu. Baina, horrez gain, komunitateari ere on egiten diogu, gure udalerrien eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan. Azkenik, ezin dugu ahaztu ingurugiroari egiten diogu onura, ortuak eta lorategiak aberastuz”.

Irudian, jandako sagar batek hartzen du protagonismoa. Modu horretan, "on egin" ideiaren bigarren irakurketa azaleratzen da, izan ere, edukiontzi marroira botatzen den hondakin gehiena, sukaldekoa da: fruta eta barazki soberakinak, pasta eta arroz aleak,... eta hondakin organikoa konpost bihurtuz, naturaren zikloa ixten da, lurrari aurrez hartutakoa lurrarentzat elikagai bihurtuz.

On egin: izena eman

Edukiontzi marroiek giltza-sistema dute; horregatik, Amankomunazgoan erregistratutakoek bakarrik ireki ditzakete. Izena emateko hainbat modu daudela nabarmen du Ismene Mandaluniz Tokiko Garapeneko teknikariak: "telefonoz egin daiteke 94 623 25 22 zenbakira deituta, korreo elektronikoz al21.mdurango@bizkaia.org helbidera idatzita edota online formularioa beteta".

Amankomunazgoak, beharrezko materiala emango die izena ematen duten guztiei, informazio-prestakuntza saioan parte hartu ondoren: 10 litroko plastikozko ontzia, taparekin eta aireztapenarekin; poltsa auto-konpostagarriak; bota daitezkeen hondakinen zerrenda; edukiontzia zabaltzeko giltza.

On egin: euskarriak

Kartelak, edukiontzietan jarriko diren pegatinak eta etxe guztietara iritsiko diren triptikoak izango dira  kanpainaren ardatz nagusiak. Amankomunazgoak hondakinen bilketa kudeatzen duen udalerrietan izango du kanpainak presentzia: Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. “Ingurune urbanoetan egongo dira euskarri hauek, izan ere, edukiontzi marroia sustatzeko kanpaina da honakoa, eta landa ingurunetan, konposta egiteko beste sistema batzuk erabiltzen dituzte”, azaldu du Augusto Uriarte Hondakin Bilketa Zerbitzuko arduradunak.





















Argazki-oina: Mañariako parkean atera dute kanpaina hasierako argazkia; edukiontzi marroira botatako hondakin organikoekin aberasten dute bertako lurra. Irudian, Aitor Lopez Amankomunazgoko presidentea, Ismene Mandaluniz Tokiko Garapeneko teknikaria eta Endika Jaio Toki Garapeneko Batzorde Burua eta Mañariako alkatea.