Albisteak

 

Zer da?

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak 11 egun euskaraz bizitzera gonbidatzen dituen egitasmoa da Euskaraldia, euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuarekin.

Herritar euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko, 16 urtetik gorako herritarrak izango dira protagonista, eta bi parte-hartzaile mota egongo dira:

Ahobizi: Euskara ondo dakitenak dira, eta hauek euskaraz hitz egingo diete euskara ulertzeko gai diren ezagunei. Eta ezezagunei, lehen hitza gutxienez, euskaraz egingo diete.

Belarriprest: Euskara ulertzeko gai dira, eta gonbidapena luzatuko diete euskara dakitenei eurekin euskaraz hitz egin dezaten. Belarriprestek, gero, bakoitzaren ezagutza-mailaren arabera, euskaraz zein gazteleraz erantzungo diete.

Durangaldeko herriak elkarlanean bildu dira egitasmo honetara, gure eskualdeko euskaltzaleek “euskara ahalik eta gehien erabili” dezaten. Horrela, herri bakoitza bere bidea egiten hasi da eta zenbait herritan jada hasi dira lehenengo aurkezpenak egiten.

Mankomunitateko Euskara Sailak ere bere aletxoa jarri nahi izan du Euskaraldian eta bide horretan baliagarriak izango diren euskarriak sortu ditu: batetik, ‘EUSKARALDIA, 11 EGUN EUSKARAZ’ egitasmoaren baitan egindako bideoa, eta bestetik, Durangaldeko euskaldunen komunitate digitala izango den webgunea (laster erabilgarri).

Lotura bi hauetan dituzue bideoak ikusgai: bideo luzea eta bideo laburra.

Bideo honetan, berriz, ikusgai duzue Durangoko Euskaraldiaren aurkezpena.

Informazio gehiago Euskaraldiaren webgunean!