Albisteak

 

Irailetik aurrera proiektu pilotuaren bigarren partea abiaraziko da herri desberdinetako landa-eremuetan.
Proiektu guzti honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du, 140.000 euro, bai materialak erosteko eta baita herritarrei zuzendutako informazio kanpaina aurrera eramateko

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak irailetik aurrera proiektu pilotuaren 2.partea abiaraziko du Atxondoko, Abadiñoko, Elorrioko eta Zaldibarko udalerrietan. Proiektu horrek bi helburu izango ditu: batetik, bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia jartzea hiri-guneetan; eta, bestetik, etxean konpostatzeko sistema bat
abiaraztea landa-eremuetan.

Edukiontzi marroia jartzeko kanpainaren xede dira 7.000 familia, gutxi gorabehera) eta udalerrietako hauen hondakin sortzaile txikiak eta handiak. Azken horiek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, ekimenean parte hartzeko.

Guztira, 37 metalezko edukiontzi marroi jarriko dituzte aipatutako udalerrietako hirigunetan eta urritik aurrera kalean jarrita ikusteko aukera izango da . Horren aurretik, baina, Amankomunazgoak informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraziko du, eta, kanpaina horren barruan, ekintza ugari egingo dituzte edukiontzi berria abian dela jakinarazteko, edukiontzi horrek zer ezaugarri dituen eta nola erabili behar den azaltzeko, familiak eta parte hartu nahi duten hondakin sortzaileak erregistratzeko eta gai horren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko.

PARTE HARTZEKO MODUA ETA BIRZIKLAPENERAKO MATERIAL SORTA

Irailetik aurrera zabalduko da kanpainan parte hartzeko izena emateko epea. Interesdunek birziklapenerako material sorta bana jasoko dute, doan jaso ere. Material sorta hori zenbait lekutan eta egunetan banatuko dute. Amankomunazgoak, egoki denean, leku eta egun horien berri emango du. Material sorta bakoitzak hau guztia izango du: etxerako ontzi marroi bat, poltsa konpostagarrien sorta bat, kaleko edukiontzia irekitzeko giltza serigrafiatu bat eta sistema berriari buruzko informazioa.

MATERIALA

Zerbitzua abiarazte aldera, Amankomunazgoak metalezko 2.400 litroko 37 edukiontzi marroi erosiko ditu —edukiontzi horiek kalean egongo dira—. Orobat erosiko ditu 600 giltza, edukiontzi horiek irekitzeko, eta 10 litroko 924 ontzi eta 10 litroko ia 200.000 poltsa konpostagarri, etxean erabiltzeko, bai eta 60 litroko 37 edukiontzi eta 25 litroko 14.000 poltsa konpostagarriak ere, hondakin sortzaile txikiek eta handiek erabil ditzaten.

FUNTZIONAMENDUA

Sistema berriaren helburu nagusia da hondakin organikoak eta gainerako hondakinak
bereiztea. Bosgarren edukiontzian edo edukiontzi marroian, hondakin hauek sar ditzakegu: hondakin begetalak kozinatuta edo gordinik, besteak beste lekaleen, fruten, barazkien eta pasten hondarrak, bai eta landareen hondarrak eta fruten hezurrak ere. Orobat sar ditzakegu papera eta paperezko ahozapi zikinak. Edukiontzi horretan ezingo ditugu sartu haragi-, arrain- eta gaztahondarrak, arrautza-oskolak, animalientzako janaria, lurra, pixoihalak eta zigarro-puntak.

Bildutako gai organikoak Bizkaiko Konpostegira eramango dituzte —Bizkaiko Foru Aldundiak 2011 abiarazi zuen konpost-planta hori—. Bertan, konpost bilakatuko dituzte, eta hainbat gauzatarako erabiliko; hala nola, lorezaintzarako eta nekazaritzarako.

ETXE-KONPOSTAKETAREN SUSTAPENA

Halaber, lotaregia edo lursail bat daukaten etxebizitzetara zuzendutako bigarren esperientzia pilotu bat sustatuko da. Etxe-konpostaketak edo autokonpostaketak, hondar organikoak gure etxeetan bertan kudeatzeko bidea suposatzen du, onuraz beteta dagoen sistema erraz baten bitartez, hondakinen sorkuntza murrizten delarik. Jardueraren hasierarako informazio batzarrak eta prestakuntza tailerrak antolatu dira, non bertaratzen direnek praktika honek inplikatzen duen beharrizanen inguruko edozein zalantza argitu ahal izango dute eta kalitatezko konpost bat lortzen ikasiko dute ere, partaideek beraien lorategi eta ortuetan erabiliko duten ongarri naturala.

Amankomunazgotik sustatutako bigarren esperientzia izanik, ekimena Abadiñoko, Atxondoko, Elorrioko eta Zaldibarko 800 familiatara zuzenduko da, non autokonpostaketa interesatu ahal zaizkien 160 bat familia egon daitezkeela estimatzen den. Partaide guztiek konpostagailu bat eta aireztagailu bat jasoko dute, praktika honetarako ezinbesteko materialak, eta lehenengo hilabeteetan jarraipen zerbitzu bat egongo da.

5. edukiontziarekin ez bezala, etxe-konpostaketak edozein hondakin organiko onartzen du, bai freskoak, bai eta kozinatutakoak, zabor poltsak bere tamaina asko murrizten duelarik. Adibide modura, aipatzekoa da Abadiñoko parte baten, Izurtzan, Iurretan eta Mañarian egindako esperientzian partaide berriek hauteman zuten aldaketa, non astean zabor poltsa egunero edo bi egunetik behin ateratzetik, hiru egunean behin edo gutxiagotan ateratzera pasatu ziren.

ESKOLAKO AGENDA 21

Aipatutako jarduerak udalerri lauetako ikasleei zuzendutako tailer eta foruekin biribilduko dira, non txikienek hondakin organikoak ondo bereizten ikasiko duten eta, jasangarria eta ingurumenarekin adeitsua den prozesu baten bidez, konpostaketa bidez hain zuzen ere, lortutako ongarria erabiltzen ere irakatsiko zaien.

KOMUNIKAZIO KANALAK

Komunikazio-plana diseinatuko da eta bertan hainbat ekintza gauzatuko dira; besteak beste, sortutako blog-a elikatuko dute (www.organikoadurangaldean.com); Amankomunazgoaren eta udalen webguneetan informazioa argitaratuko dute; eta irailetik aurrera herritarren arretarako zerbitzu bat abiaraziko dute, 946 23 25 22 telefonoaren bidez eta organikoa.mdurango@bizkaia.org posta elektronikoaren bidez; informazio-puntuak jarriko dituzte kalean; informazio- eta dibulgazio-materiala sortuko dute partaideentzat; informaziosaioak antolatuko dituzte; eta ekintza jakin batzuk egingo dituzte hondakin sortzaileentzat. Komunikazio planak eta tailerrak baita ere Vermican Soluciones de Compostaje-ren laguntza teknikoa izango du.

Proiektu guzti honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du, 140.000 euro, bai materialak erosteko eta baita herritarrei zuzendutako informazio kanpaina aurrera eramateko.