Albisteak

 

Hedabideen aurrean aurkeztu da D’amore Ezkontza eta Ospakizunen Azoka. Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoaren presidente Oskar Zarrabeitiak eta Durangaldeko Dendak Bai eta Zornotzako Dendariak elkarteetako presidenteek jakinarazi dutenez, 25 stand izango dira Durangoko Landako Gunean. Bertara, ezkontza eta ospakizunekin zerikusia duten hainbat enpresa batuko dira: jatetxeak, hotelak, argazkilariak, bitxitegiak, bidaia agentziak, ile-apaindegiak eta estetika gaiak, gozotegiak, jantzi-dendak, musika eta ikuskizun gaiak…

Elkarte bietako presidenteek adierazi dutenez, barikuan hasiko da azoka, Amankomunazgoaren laguntzarekin, eta 17:00etatik 20:30ak arte izango ditu ateak zabalik. Zapatuan eta domekan, ordutegia honakoa izango da: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.

Azoka egunetan, horrelako ospakizunetako protagonistek eta interesdunek eskura izango dute merkataritza plataforma bikain hau, Durangaldeko enpresek osatutakoa, gehienbat. Halaber, animazio jarduerak eta dastatzeak egingo dira, eta zenbait zozketa ere bai, egonaldi erromantikoa lagun birentzat Aisia Hoteletan, afari bi lagun birentzat Remenetxe jatetxean eta ezkontza baterako gozoki-mahai bat.

Eten gabeko azoka

D’amorek onlineko erakusleiho zabala du, alegia, amore-web.com web gunea, eta Facebook-en eta Twitter-en ere badaude; hau da, azoka urte osoan etenik gabe dago ikusgai eta erabilgarri.

 Dosier informatiboa (PDF, 455KB)