Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak bat egin du Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak azaroaren 25erako, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako, bultzatutako kanpainarekin. Aurten, kanpaina horrek emakume adinekoek jasaten duten ezkutuko indarkeria du ardatz.

Emakunderen goiburutik moldatutako “Entzuten dizugu, ikusten zaitugu” lelopean, Durangaldeko Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzuko arduradunek, Zaldibarko Udalak eta San Martin Nagusien Elkarteak –eskualdeko adinekoen 12 elkarteen ordezkari moduan– ekitaldi publikoa antolatu dute Zaldibarko Udaletxeko plazan, azaroaren 25ean, 12:00etan.

Helburua, adineko emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean herritarrak sentsibilizatzen laguntzea da, erakunde publikoek eta erretiratuen elkarteek indarkeria matxista ikusarazteko eta horren aurka borrokatzeko duten konpromisoa erakusteko; adineko emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez batez ere, oso talde zaurgarria delako eta modu berezian jasaten dituelako gizarte patriarkalaren ohiturak. Horrez gain, indarkeria-kasuetan, askotan, zailtasunak izaten dituzte laguntzarako baliabideetara heltzeko.

Ekintza sinboliko hori Covid 19aren aurreko prebentzio-neurriak jarraituz egingo da. Hori dela eta, Udaletxeko plazan, eskualdeko elkarte guztien ordezkari moduan arituko den eta bost emakumek osatzen duen San Martin elkartearen zuzendaritza batzordeak, aukeratu den goiburua daraman pankarta zabalduko du, elkarte eta erakundeen aldetik entzuteko eta laguntzeko egin daitekeena eta egin behar dena irudikatzeko eta agerian uzteko, gizarte osoari eragiten dion eta amaiera eman behar zaion arazo horren aurreko kontzientziazioan eta ikusgaitasunean aurrera egiten jarraitzeko.

Emakundek azaroaren 25erako diseinatutako kanpainak dei zuzena egiten dio gizarteari, bertan enpatia handiagoa aurkitu nahian, eta adineko emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sentsibilizatu gura du, zaurgarritasun berezia dutelako, ikusezinak direlako, eta kasuak detektatzen eta baliabide espezializatuetara hurbiltzen laguntzeko.