Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak 36.300 euroko kontratua atera du lizitaziora, eskualdeko ingurumen diagnostiko integrala egiteko, 2021-2030 aldirako ekintza planarekin batera. Esleipena lortzen duen enpresak bost hilabeteko epea izango du hauekin erlazionatutako adierazleak aztertzeko: lurraldea eta plangintza, bio-dibertsitatea, mugikortasuna eta garraioa, lurzoruen kutsadura, ura, energia, hondakinak, airearen kalitatea, kutsadura akustikoa eta erakundeen ingurumen arloko kudeaketa. Ikerketak Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar hartuko ditu.

Proiektuaren jatorria Durangaldean aspaldidanik airearen kalitatearen inguruan dagoen kezka da. Eskualdeko hainbat udalerrik kezka horren berri eman diote Mankomunitateari, eta airearen kutsaduraren elementu nagusiak zehaztuko dituen azterlan bat egiteko eskatu dute. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin, Ihoberekin, kontsultatuta, diagnostikoaren eremua zabaltzea eta diagnostiko integrala egitea gomendatu du, ingurumen-arloko funtsezko beste alderdi batzuk ere aztertzeko, hurrengo urteetarako Ekintza Plan osatuagoa gauzatzeko.

Horrela, diagnostikoa, azkenik, Udalsarea 21ek definitutako tokiko jasangarritasunaren adierazleen sistemari jarraituta egingo da. Sistema horrek udalerrien eta eskualdeen egoerari buruzko informazioa eman eta hobetu beharreko arazoak eta egoerak identifikatzen laguntzen du. Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareko (Udalsarea 2030) udalerriek adierazle horiek aldizka kalkulatzeak politiken emaitzak eta eraginkortasuna ebaluatzen lagundu eta tokiko kudeaketan erabakiak hartzeko euskarria ematen du.

Proiektuak, gainera, 2021etik 2030era bitarteko ekintza plan bat egitea dakar, eta horri eskualdeka egin beharko zaio aurre, inplikatutako administrazio guztien konpromisoaren eta lankidetzaren bidez. Ekintza plan horretan lehentasunezko neurriak identifikatuko dira, eta horiek Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuekin lerrokatuta egon beharko dute.

Azken helburua ibilbide orri bat osatzea da, Mankomunitateko kide diren udalen eta Durangaldeko Mankomunitatearen beraren esku dauden arazoak konpontzeko plangintzarako eta lanerako tresna jartzeko, horren bitartez eskualderako garapen jasangarriko eredu berria bultzatzeko. Durangaldeko Mankomunitateak aurreikusi duenez, lana datorren urtearen hasieran hasi ahal izango da.