Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak Berrizko "Marino Lejarreta" belodromoa estaltzeko alternatiben azterketa egiteko aurrekontuak eskatu ditu, eguraldi txarrarekin ere erabili ahal izan dadin. Eskaintza bakoitzak estaldurarako hiru aukera izan beharko ditu, eta enpresek 4 asteko epea izango dute azterlana egiteko.

Izan ere, Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen duen instalazioak, gaur egun, denboraldian zehar, 40 kirolarik osatzen duten talde egonkorra jasotzen du egunero, Berrizen entrenatzen duten Bizkaiko eta Arabako txirrindulariak batez ere. Pista estali gabe egotea arazoa da neguan, eguraldi txarra egiten duenean ezin delako pistan entrenatu.

Horregatik, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak behin baino gehiagotan eskatu du belodromoa estaltzeko, entrenamenduak behar den jarraitutasunarekin egin ahal izatea bermatzeko. Gainera, pistak txirrindularitzako beste modalitate batzuetarako teknika hobetzen ere laguntzen du.

Gaur egun, Durangaldeko Mankomunitatea “Durangaldea Estrategia: Lehenengo CFC-Cycle Friendly Employer Lurraldea” izeneko proiektua lantzen ari da. Lankidetza publiko-pribatua duen ekimen aitzindariak, eskualdean bizikletaren eguneroko erabilera sendotzea, eta, aldi berean, lurraldearen garapen jasangarria eta bizitzeko ohitura osasungarriagoak bultzatzea du helburu.

Belodromoa estaltzeko lanak ere testuinguru horretan sartzen dira, bizikleta erabiltzeko instalazioak hobetzeko ekimen argia delako.