Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak Garapenerako Eskualdeko Agentziaren - Durangaldeko Behargintzaren bitartez, enplegua sustatzeko lau proiektu jarriko ditu martxan, urtea amaitu aurretik, eta 6 hilabeteko eperako, Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarko hogei pertsona kontratatzeko. Enplegu Plan berriak 256.250 euroko Lanbideren diru-laguntza kudeatuko du.

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako Lanbidek ematen dituen laguntzen deialdiaren esparruan, Durangaldeko Mankomunitateak berriro kudeatuko du hainbat arlotako proiektuak barne hartzen dituen eskualdeko Enplegu Plana. Oinarrizko helburua merkatu ez-arruntean kontratazioak sustatzea da, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzeko, haien kualifikazioa edo/eta gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituen aldi baterako lanesperientziaren bidez.

Lehenengo proiektuak, espazio publikoen eta hiri-altzarien mantentze-lanetara zuzendutakoak, sei hilabetez hamasei peoi kontratatzea aurreikusten du, eta beste bat hiru hilabetez. Brigada horrek hiri-altzarien pintura-lanak eta mantentze-lanak, garbiketa bereziak, parkeen mantentze-lanak, elektrizitate-konponketak eta interes orokorreko beste lan batzuk egingo ditu. Herritar guztien onurarako izango dira, eta pertsona horiei euren egoera ekonomikoa eta laneratzeko aukerak hobetzeko aukera emango diete.

Gainera, planak, kirol-orientazioko lanetarako, jarduera fisikoa bultzatzeko, bi kirolteknikari kontratatzea barne hartzen du, horrela Durangaldeko herritarren osasuna hobetuz. Sedentarismoa murriztea bultzatzen da, pertsona inaktiboak aktibo bilakatzeko aukeren eskaintza handituz. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzarekin eta eskualdeko lehen mailako arretako osasunzentroekin lankidetzan gauzatuko da.

Hirugarren proiektua eskualdeko nekazaritzako elikagaien ekoizpenerako eta kontsumorako proiektu ekologikoa eta gastronomikoa izango da, eta sei hilabetez teknikari dinamizatzaile bat kontratatzea aurreikusten du. Izan ere, enplegua sustatzeko proiektu hau bertako ekoizpenean eta merkaturatze-zirkuitu laburretan oinarritutako tokiko ekonomia garatzeko Berton Proiektuarekin lotuta planteatzen da, landa-ingurune biziari eusteko azken helburuarekin.

Azkenik, Lanbideren deialdira eskualdeko turismo-plana eguneratzeko proiektu bat aurkeztu da. Proiektu horrek Elorriora egingo diren bisita gidatuen programa barne hartzen du. Horretarako, turismo-teknikari bat kontratatu beharko da denbora epealdi bererako. Ildo horretan, aurretik egindako diagnostikoak erakusten duenez, turismoa funtsezko jarduera da eskualdeko ekonomia dibertsifikatzeko.

Programan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Horrez gain, hautaketa-prozesuan parte hartu gura duten pertsonek enplegu-eskaintzak kudeatzeko Lanbideren webgunearen edo/eta aplikazioen bidez eman dezakete izena, enplegu-eskaintzak argitaratu eta gero.

Durangaldeko Mankomunitateak Lanbidetik jasoko ditu hautagaien curriculumak, eta hurrengo asteetan hasiko du hautaketa prozesua.