Albisteak

 
Eskualdean bizikleta egunero erabiltzea bultzatzeko Durangaldeko Mankomunitateak sustatu duen “Durangaldea Estrategia: Lehenengo CFC - Cycle Friendly Employer Lurraldea” ekimenaren barruan, erakundeak “30 egun bizikletaz” erronkarekin bat egiteko deia egin zuen, irailean herritarrak euren joan-etorrietan bizikleta erabiltzera animatzeko. Guztira, 129 pertsonak eman zuten izena “Durangaldea” taldean, eta horietatik 80 aktiboak izan dira –egunero euren joan-etorriak erregistratuz–, eta 10.742 kilometro egin dituzte bizikletaz.

Gainera, beste 170 pertsonak, gehienak akreditazio prozesuan inplikatuta dauden beste erakunde batzuetako beharginak, ere hartu dute parte erronkan, Azterlan, Cafés Baqué, Decathlon, Katiak eta Pierburg enpresek, Iurreta LHHII eta Durangoko Maristak ikastetxeek edo herritar guztiei irailean parte hartzeko eta pedalei eragiteko deia egin zien Elorrioko Udalak egindako deialdiari erantzunez.

Horrela, datorren asteazkenean, urriaren 7an, 18:00etan, ekitaldi bat egingo da Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean. Ekitaldi horretan sariak emango zaizkie gutxienez 20 egunez pedalei eragin dieten “Durangaldea” taldeko partaideei. Izan ere, ekimenak Cafés Baqué, Decathlon, Elorriaga Kirolak eta Orbea enpresen lankidetza izan du.  Enpresa horiek 10 kafe lote, bizikleta tolesgarri bat, bizikletaren 10 azterketa eta 30 kasko eman dituzte, hurrenez hurren.

Horrez gain, bilera horretan “Durangaldea Estrategia: Lehenengo CFC - Cycle Friendly Employer Lurraldea” ekimenaren hurrengo pausoei buruzko informazioa zehaztuko da. Ekimenean Durangaldeko 23 erakunde daude inplikatuta, eta Ihoberen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren, laguntza du, proiektu berritzaileei ematen zaien Udalsarea 2030 laguntza programaren bitartez.

CFE Ziurtagiria

CFE ziurtagiria, Txirrindularien Europako Federazioak, lantokiak, euren lanpostura egunero bizikletan doazenen beharretara egokitzea bultzatzeko eta horrelako mugikortasuna bultzatzen duten enpresak aintzatesteko Europa mailan bultzatutako proiektuaren barruan dago. Horrela, enpresak hiru kategoriatan bereizten dira: urrea, zilarra eta brontzea.

Durangaldeko Mankomunitatea, bizikletaren eta mugikortasun aktiboaren aldeko apustua egiteko erabakiarekin, CFE akreditazioa lortu zuen lehenengo erakunde publikoa bilakatu zen joan den uztailean, eta eskualdeko beste 23 erakunde, horien artean udalak, enpresak eta ikastetxeak eta ikerketa zentroak, ziurtagiria lortzeko prozesuan daude.

“Cycle Friendly Employer” ziurtatze prozesu horretan sartzeko interesa duten eskualdeko erakundeek helbide honetara idatziz jaso dezakete informazioa: cfe.mdurango@bizkaia.org