Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak neurri berriak ezarri ditu adinekoentzako ohiko programak eskaintzen jarraitu ahal izateko, betiere zerbitzuaren erabiltzaileentzako segurtasun baldintzak betez eta Covid-19ak eragindako kutsatze berriak saihestuz. Arau moduan, murriztu egin dira talde bakoitzeko parte-hartzaile kopurua eta jarduera batzuen iraupena, eta horietan indarrean dauden urruntze eta higiene neurriak bete beharko dira.

Hain zuzen ere, gaur ospatzen da mundu osoan NBEk 1990eko abenduaren 14an ezarri zuen Adinekoen Nazioarteko Eguna. Ospakizun horren bitartez, adinekoek gizarteari egiten dizkioten ekarpen garrantzitsuak nabarmendu gura dira, eta egungo munduan zahartzeak dituen aukera eta erronkei buruzko kontzientzia sortu. Bizidun elkarteko ordezkariak Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentearekin bildu dira gaur goizean, urriaren 1eko manifestua emateko.

Durangaldeko Mankomunitateak diseinatutako protokoloaren helburua, ahal den neurrian jarduera presentzialei edo erdi-presentzialei eusteko behar diren prebentzio-baldintzak hartzea da, uneoro segurtasuna bermatuz eta, aukeren barruan, etxetik atera ezin diren edo irten gura ez duten adinekoentzako ekintza alternatiboak ezarriz.

Beste neurri batzuen artean, 10 pertsona baino gutxiagoko taldeak egingo dira (7-8 pertsona arriskuko kolektiboetan), leku itxietan eta aire zabaleko jardueretan maskara derrigorrez erabili beharko da, eta ez da jende-pilaketarik egongo. Hori dela eta, ez da garraiorik erabiliko, eta ez da hitzaldirik antolatuko. Adinekoen Zerbitzuak higiene-kit  bat emango die jarduera ematen duten pertsonei, eta erabiltzaileei tenperatura hartuko zaie. 37 gradutik gora izanez gero, osasun arloko agintarien jarraibideak beteko dira.

Horrela, 80 urtetik gorako pertsonei zuzendutako Nagusilagun programan, talde guztiak bitan banatuko dira, eta ordu eta erdiko bi saio egingo dira astean, bata aurrez aurre, modu presentzialean, eta bestea etxetik. Modu berean, memoria estimulatzeko tailerrek jarraibide erdi-presentzial horri jarraituko diote: 5 saio gelan eta beste 5 etxean, telefonoz lagunduta eta laneko materialak etxera postaz bidalita. Urtean zehar egiten diren tailerrek ere aurrez aurreko formatua, presentziala, eta telefonoaren bitartez egingo den telematikoa konbinatuko dituzte, eta oraingoz ez da bidaia kulturalik antolatuko, joan-etorriak saihesteko, Durangaldeko udalerrietan hurbileko ibilaldi batzuk programatu diren arren. Bestalde, Durangaldeko Esperientzia Institutuak bi zatitan banatuko du taldea urtarrilean, eta asteko saio batzuk bikoiztu egingo ditu. Saio horiek laburragoak izango dira.

Azken batean, programak egokitu egin dira eskualdeko adineko pertsonek euren jarduerak baldintza seguruetan egin ditzaten. Neurri horiek guztiak osatzeko, Zerbitzuak telefono bidezko jarraipen pertsonalizatua egingo die hala behar duten adineko pertsonei, eta banakako laguntza psikologikoa, telefono bidezkoa edo/eta aurrez aurrekoa emango die, Covid-19aren krisiak eragindako arazoen aurrean jarduteko.

Manifestua (PDF 48KB)