Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak eta Durangaldeko Enpresa Elkarteak DEE – AED, Covid-19aren pandemiak eragindako krisialdi ekonomiko une honetan eskualdeko ekonomiaren suspertzea eta enplegua sortzea bultzatuko duten ekimenak martxan jartzeko lankidetzarako akordioa sinatu dute. Bi urteko indarraldia izango duen dokumentuaren sinadura gaur goizean egin da, Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentearen eta Pablo Pontes DEE – AEDeko presidentearen esku-hartzearekin. Horrez gain, bertan egon dira: Javi Crespo Mankomunitateko presidente ordea eta Abadiñoko udalako zinegotzia, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Toki Garapeneko Batzordeko presidentea, Marije Ormaetxea Ekintzailetza-teknikaria, Daniel Irazola Maristak Durango ikastetxeko Zuzendaria eta Eñaut Balier Suministros Mugarra enpresako gerentea.

Izan ere, osasun arloko krisiak oso eragin negatibo sakona izan du ekonomian eta enpleguan. Durangaldean asko izan dira ERTEak aurkeztu behar izan dituzten enpresak, eta, ondorioz, langabezia tasak nabarmen egin du gora. Hori dela eta, bi aldeek lankidetzaren aldeko apustua egin dute, ekonomiaren suspertzea eta enplegurako sarbidea bultzatzeko, enpresa egiturari eta aukera, proiektu eta enpresa berriak sortzeari lagunduz.

Ekintzaren helburu nagusi gisa, akordioak enpresak sortzera eta finkatzera zuzendutako prestakuntzan eta kultur ekintzailearen sustapenean lankidetzan arituko direla jasotzen du. Horrela, autonomoei eta ETEei zuzendutako prestakuntza saioak egingo dira urtero, SPRIren laguntzarekin, baita ere. Ikastaro horiek guztiak DEE – AEDren egoitzan egingo dira, sinergiak bultzatzeko eta elkarren arteko ezagutza eta lankidetza handitzeko.

Durangaldeko Mankomunitateak eta Durangaldeko Enpresa Elkarteak, Ekintzailetzaren Munduko Eguna –apirilaren 16a– elkarrekin ospatzea ere adostu dute. Egun horren helburua ekintzailetzarako izpiritua bultzatzea, ideien sorkuntza eta garapena sustatzea eta horiek martxan jartzea da.

Prestakuntza gehiago

Beraz, akordio horretan oinarrituta, ekintzailetzarako ikastaroak Durangoko DEEAEDren egoitzan egingo dira. Gainera, azken asteetan, Durangaldeko Mankomunitateak beste modu batera banatu eta egokitu ditu Durangon dagoen Durangaldeko Behargintzako eraikin nagusiko zenbait gune, urrian hasiko diren enplegurako ikastaroen parte bat jasotzeko. Beste alde batetik, prestakuntza praktikoagoa eta digitalizazioaren arlokoa eskatzen dutenak, ikastaroak ematen dituzten prestakuntza zentroetan egingo dira.