Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak bere jarduera egutegiari berrekingo dio tabakoa erretzeko ohitura uzteko eta batez ere emakumeei zuzenduta egongo den antsietatea kontrolatzeko ikastaroak martxan jarrita. Ikastaroak hilaren 24an eta 30ean hasiko dira, hurrenez hurren. Bi kasuetan, eta ahal den neurrian, aurrez aurreko lanari emango zaio lehentasuna, Covid-19aren hedapena saihesteko ezarritako segurtasun-neurri guztiak betez.

Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak maiatzean ekin zion berriro aurrez aurreko jarduerari, aurretiko hitzorduarekin, eta, orain, berriz ere martxan jarri ditu komunitate, familia eta eskola mailan esku hartzeko eta prestatzeko programak. Programak aurrez aurre egingo dira ahal den guztietan, baina berrikuntzak sartu dira bai iraupenean, bai jarduerak osasun-agintariek emandako gomendioetara egokitzeko metodologian.

Tabakoa erretzeko ohitura uzteko ikastaroa hilaren 24an hasiko da, hamar ostegunetan, 18:30etik 20:00etara. Bereziki psikofarmakoen kontsumo luzea duten emakumeei zuzenduta egongo den antsietatea kontrolatzeko ikastaroa, Landako Osasun Zentroarekin lankidetzan egingo da, sei asteazkenez jarraian, 15:30etik 17:30era, irailaren 30etik aurrera. Jarduera horiek doakoak dira eta plaza mugatuak dituzte. Aurretik izena eman behar da, 946200520 telefono zenbakira deituz edo prevencion.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikora idatziz.

Modu berean, hurrengo asteetan eskualdeko ikastetxeekin (lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide-heziketako bigarren eta hirugarren zikloetakoak) gauzatzen diren programei berriro ekitea aurreikusi da, drogen kontsumoarekin eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuekin erlazionatutako prebentzioari eta arriskuei, hezkuntza afektibo-sexualari, teknologien erabilera egokiari eta emozioen ezagutzari eta kudeaketari buruzko jarduerekin.

Programa horiek mailaka egingo dira ikasturtean zehar, hau da, hiru hilean behin hainbat proiektu gauzatuko dira. Batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dauden, "Balioetan heztea" eta "Heziketa afektibo-sexuala" programak, berriz, ikasturte osoan zehar gauzatuko dira. Horrez gain, familiekin egiten den lana Zaldibarren eta Atxondon egingo diren hitzaldiekin hasiko da, eta Familientzako Eskolak otsailean izango du hasiera.

Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak doako laguntza eta aholkularitza espezializatua ematen die familiei, hezitzaileei, ikasleei eta, oro har, herritar guztiei, Adikzioen prebentzioaren arloan zalantzak badituzte edo informazioa bilatzen badute, betiere modu anonimoan eta konfidentzialean.

LH gida (PDF 414KB)

DBH gida (PDF 384KB)