Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak datorren astelehenean, irailaren 14an, irekiko du jendearentzat Durangoko atletismo pista, aurretiazko hitzorduarekin eta zenbait mugarekin, Covid-19ari aurre egiteko babeserako neurri orokorrak eta pertsonen arteko distantzia bete ahal izateko.

Kirol instalazioa itxita egon da azken hilabeteetan, COVID19ak eragindako osasun krisia zela eta, eta zaharberritze lanen ondorioz. Datorren astetik aurrera, federazioaren lizentzia duten atletek erabili ahal izango dute atletismo pista, aurretiazko hitzorduarekin beti ere, eta, ahal izanez gero, arratsaldez. Instalazioak 09:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik. Erreserbak atletismopista.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikoaren bitartez tramitatu ahal izango dira.

Arau orokor gisa, kirolariek eta langile teknikoek muturrekoa eramango dute kirol instalaziora sartzean, eta eskuak hidrogelarekin garbituko dituzte. Barruan, une oro pertsonen arteko bi metroko distantzia errespetatuko da, eta hori ezinezkoa bada, muturrekoa jarri beharko da. Ahal izanez gero, kirola egiteko arropa etxetik jantzita ekarriko da, eta instalazioak ere arropa berarekin utziko dira.

Hala ere, aldagelak erabili ahal izango dira, 8 pertsonako gehieneko edukiera errespetatuz, distantziak gordez eta muturrekoa eramanez. Fase horretan, kirolariek eta begiraleek banakako edo talde txikien entrenamenduetarako baino ez dituzte instalazioak erabiliko. Indarrean dagoen arautegiak entrenamendu talde handiagoak baimentzen dituen arren, atletismoko saio bakoitzean gehienez ere 10 atleta eta begirale bat egon ahal izango dira.

Modu berean, gimnasioa ere irekita egongo da federatutako kirolarientzat, aurretiazko erreserbarekin. Kasu horretan gehieneko edukiera 6 pertsonakoa izango da, eta gehienez ere ordubete egon ahal izango dira. Pistako kirol materiala erabili ahal izateko, erreserba egitean edo entrenamendua hastean eskatu beharko dute. Atletismo pista, Bizkaiko Foru Aldundiaren 600.000 euroko diru-laguntzarekin azken hilabeteetan egin diren zaharberritze lanak amaitu ondoren ireki da jendearentzat.