Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak Garapenerako Eskualdeko Agentziaren - Durangaldeko Behargintzaren bitartez, langabetuei zuzendutako 20 prestakuntza ikastaro eskainiko ditu urritik aurrera. Helburua, 30 urtetik beherako eta 45 urtetik gorako eskualdeko langabetuei, langabezian denbora asko daramatenei edo gizarte bazterketa arriskuan daudenei laneratzea erraztea da.

Horrela, prestakuntzako lau ibilbide diseinatu dira, eta horietan landuko diren gaiak hauek dira: gaitasun pertsonalei, harremanei lotutakoei eta antolaketa gaitasunei buruzko coaching-a; orga jasotzaileen erabilera eta biltegiko logistika eta kudeaketa; laneko arriskuen prebentzioa biltegian eta obran; eta trebezia digitalak, guztiak ere partaideen lehentasun pertsonaletan eta prestakuntzarako beharretan oinarrituta.

Interesdunek irailaren 30era arte eman ahal izango dute izena Durangaldeko Behargintzako instalazioetan, eta ikastaroaren hasiera urrirako dago aurreikusita.

Interesdun bakoitzari ordutegi zehatzei eta prestakuntza egiteko lekuari buruzko informazioa emango zaio.

Izan ere, giza kapitalean inbertitzea funtsezkoa da lurraldearen garapenerako, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik. Horrela, langabezian dauden pertsonen prestakuntza bultzatzea edo lan merkatuan sartzeko langabetuak berriro koalifikatzea Durangaldeko Mankomunitatearen laneko ildo estrategikoa da.

Durangaldeko Behargintzak diseinatu duen prestakuntza eskaintzak Lanbidek egindako diagnostikoan hautemandako beharrei erantzuten die, eta baita zerbitzuaren erabiltzaileek egin dituzten eskariei eta prestakuntzarako beharrei ere.

Ekintza horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak laguntzen ditu diruz.

Ikastaro horietakoren batean parte hartu nahi dutenek Lanbiden inskribatuta egon behar dute, langabezia edo enplegu hobekuntza egoeran; euren egoera erregularizatuta ez duten migratzaileen kasuan, Lanbidek eskaintzen dituen prestakuntza eta orientazio zerbitzuak eskatu izana egiaztatu beharko dute. Horrez gain, Bizkaian erroldatuta egon beharko dute.

 Kartela (PDF 1,63MB)