Albisteak

 

Eskualdean bizikleta egunero erabiltzea bultzatzeko Durangaldeko Mankomunitateak sustatu duen “Durangaldea Estrategia: Lehenengo CFC - Cycle Friendly Employer Lurraldea” ekimenaren barruan, erakundeak “30 egun bizikletaz” erronkarekin bat egin du, hilabete honetan herritarrak euren joan-etorrietan bizikleta erabiltzera animatzeko.

Orain arte, 84 pertsonak eman dute izena, eta horietatik 49 aktiboak dira, egunero euren joan-etorriak erregistratuz. Pertsona horiek 291,45 kilometro egin dituzte bizikletaz (279 joan-etorri). Parte hartzeko, egunero gutxienez joan-etorri bat erregistratu behar da 20 egunetan, eta hilean guztira 30 kilometro egin behar dira. Parte hartzeko Bikefrendly aplikazioa deskargatu eta erabiltzaile bat sortu behar da. “Taldeak” atalean Durangaldeari dagokiona aukeratu behar da.

Helburua, partaideek pedalei egunero eragitea da, horrela mugikortasun aktiboa eta eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatuz. Parte hartzeko epea luzatu egin da eta, oraindik badago parte hartzeko aukera, ostegunera, irailaren 10era, arte, aplikazioan izena emanda. Ekimenak, Decathlon, Cafés Baque, Elorriaga Kirolak eta Orbea enpresen laguntza du, eta “Durangaldea” taldean izena eman duten, egunero ariketa bat erregistratzen duten eta irailean gutxienez 20 joan-etorri eta 30 kilometro egiten dituzten Durangaldeko pertsona guztien artean zenbait material lote zozketatuko dira.

Euren langileen artean bizikletaz mugitzea sustatzeaz gain, erakunde laguntzaileek herritar guztien partaidetza bultzatu gura izan dute, zozketarako zenbait material emanez:

• Bizikleta tolesgarri bat (Decathlon)

 

• Bizikletaren 10 azterketa (Elorriaga kirolak)

 

• 10 kafe lote (Cafés Baqué)

 

• 30 kasko (Orbea)