Albisteak

 

Ostiral honetan, uztailaren 17an, Iurretako Ibarretxe Kultur Etxeak Durangaldea Estrategia: Lehenengo Cycle Friendly Employer (CFE) Lurraldea proiektuaren aurkezpen ekitaldia jaso du.

Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, proiektuaren helburua, Durangaldea bizikletentzako lurralde atsegina bilakatzea da, hasieratik lurraldeko eragile nagusiak inplikatuko dituen lankidetza publiko-pribatuko estrategia aitzindariari esker. Gero eta enpresa, ikastetxe eta erakunde gehiago elkartzea aurreikusten da. Proiektua, 16 herrialdetan dagoen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bultzada duen Cycle Friendly Employer ziurtapenaren barruan dago.

Lurraldeko eragileen benetako beharrak jasotzera zuzendutako aurretiazko diagnostiko lanaren ondoren, 2020-2023 epealdirako ibilbide orria definitu da, CFE metodologia jarraitzen duten eta modu bateratuan eta koordinatuan ezarriko diren balio handiko ekintzekin (bizikletaren erabilera bultzatzeko aldizkako saioak, bizikletak aparkatzeko leku kopurua handitzea edo enpresentzako pizgarriak sustatzea, besteak beste). Horrela, hobetu egingo dira ekimenera zuzendutako baliabideak, eta Durangaldeko eskualdean sortutako onura ekonomikoa eta soziala handitu egingo da.

Ekintza horiekin guztiekin eta eragile publikoen eta pribatuen partaidetza aktiboarekin, beste helburu batzuen artean, 2023. urtea amaitu baino lehen, bizikletaren eguneroko erabilera egungo %0,6tik %5era igotzea aurreikusten da.

Estrategia lantzearekin batera, Durangaldeko Mankomunitateak arrakastaz gainditu ditu Abadiñon duen egoitzako CFE ziurtapen prozesuaren faseak, eta, horrela, aintzatespen hori lortu duen lehen erakunde publikoa bihurtu da. Laster, Mankomunitateari, euren laneko guneak ziurtatzeko prozesua hasi eta, horrela, proiektuarekin duten konpromisoa erakutsi duten eskualdeko 22 erakunde gehituko zaizkio, 10 erakunde publiko, 8 enpresa eta 4 ikastetxe eta ikerketa zentro. Konpromiso hori aintzat hartu da Estrategia aurkezteko ekitaldian. Bertan, Elkoroiribek bereizgarria eman die erakunde horietako bakoitzeko ordezkariei.

Bestalde, Carlos Martin Espainiako CFE programaren arduraduna pozik agertu da Durangaldeak eta bertako eragileek mugikortasun aktiboaren eta iraunkorraren arloan erakutsi duten konpromisoarekin: “Durangaldean gertatzen ari dena beste inon gertatu ez den zerbait da. Hainbeste erakunde publiko eta pribatu elkarrekin norabide berean aurrera egiteko eta lurralde osorako Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortzeko ados jartzea inoiz gertatu ez den eta beste herrialde batzuetarako inspirazio iturri izaten ari den zerbait da”, esan du.

2020-2023 ibilbide orria

Durangaldea Estrategia: Lehenengo CFE Lurraldea proiektuaren aurkezpen ekitaldian, programaren arduradunek Durangaldeko Mankomunitatea buru izango duen 2020-2023 ibilbide orria aurkeztu dute. Beste batzuen artean, etengabeko hobekuntza prozesuan ekintza hauek gauzatzea aurreikusten da:

  • 30EgunBizikletan erronkan parte hartzea
  • Eragileen sentsibilizaziorako eta gaikuntzarako aldizkako saioak egitea
  • Finantzaketarako egon daitezkeen aukeren identifikazioa eta eskuragarritasuna
  • Jende aurreko aurkezpenak foro espezializatuetan (Vélo-City 2020)
  • Bike Innovation Hub izenekoa eta “Bike Innovation Network” (BIN) komunitatea bultzatzea
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizikletaren Liburu Zurian definitutako Bizikletaren Tailerrarekin lankidetzan aritzea.

Amaitzeko, Mireia Elkoroiribek eskerrak eman dizkie lehenengo unetik ekimenarekin bat egin duten erakunde eta enpresa guztiei, eta gauza bera egitea pentsatzen ari direnak “atzean ez geratzera” animatu ditu: “Elkarrekin, Durangaldea, bizikletaren bitartez lurraldea eraldatzeko jarraitu beharreko eredu izatea lortu dezakegu”.

PARTE HARTUKO DUTEN ERAKUNDEEN ZERRENDA (23)

Toki erakundeak (11):

  • Durangaldeko Mankomunitatea
  • Abadiñoko Udala
  • Atxondoko Udala
  • Berrizko Udala
  • Durangoko Udala
  • Elorrioko Udala
  • Garaiko Udala
  • Iurretako Udala
  • Izurtzako Udala
  • Mañariko Udala
  • Zaldibarko Udala

Enpresak (8):

  • Bruss (Durango)
  • Cafés Baqué (Iurreta)
  • Cemosa (Atxondo)
  • Decathlon (Durango)
  • Euskal Trenbide Sarea (Abadiño)
  • Katiak (Izurtza)
  • Orbea (Mallabia)
  • Pierburg (Abadiño)

Ikastetxeak/ikerketa zentroak (4):

  • Ibaizabal ikastola (Durango)
  • Iurreta Lanbide Heziketa Ikastetxea (Iurreta)
  • Maristak ikastetxea (Durango)
  • IK4 – Azterlan (Durango)