Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak, herritarren eta gizarteko eta ekonomiako eragileen arteko harremanean oinarritutako 2020-2023 Plan Estrategiko berria idazteko eskaria egin du, gobernantza eredu irekia eta kolaboratiboa oinarri hartuta.

Herritarren partaidetza, elkartasuna, ekitatea eta guztien ongizatea sustatuko ditu. Plan berriak lehentasunezko arloekin erlazionatutako zeharkako politikak ere proposatuko ditu, iraunkortasunarekin, berrikuntzarekin, berdintasunarekin
eta euskararekin, besteak beste.

Izan ere, Durangaldeko Mankomunitatea, udal eskumenekoak diren ahalik eta zerbitzu edo jarduera gehien kalitate eta eraginkortasun handienarekin antolatzeko, kudeatzeko eta eskaintzeko helburuarekin eratu zen. Zerbitzu horiek gaur egun kide diren udalei ematen zaizkie: Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Zaldibar eta Garai. Helburu hori begi bistatik galdu barik, baina egungo beharrei erantzun egokiena emateko, Mankomunitatea hiru arlo nagusitan antolatu gura da: Herritartasuna, Tokiko Garapena eta Antolakuntza.

Dokumentuak gobernantza eredua, egitura eta antolaketa finkatuko ditu, eta baita prozedurak, zereginak, herritarrekin izan beharreko harremana, eta erakunde osoaren egitekoa hiru eremu horietan ezarritako helburuak betetzera bideratzeko behar diren baliabideak eta lankidetzak ere.

Horrela, Herritartasunaren arloko oinarrizko ildoak hauek izango dira: gizarte ongizatea eta pobreziaren eta parekidetasun ezaren aurkako borroka; berdintasuna; euskara eta kultura; eta Tokiko Garapenerako funtsezko bi ildo: garapen iraunkorra, hondakinen kudeaketa eta klimaren aldaketaren aurkako borroka, alde batetik, eta enplegua sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea, bestetik. Azkenik, Durangaldeko Mankomunitateak herritarren partaidetzara irekita egongo den gobernantza eredua gura du.

Plan Estrategiko berrian aztertuko diren beste alderdi bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-zerbitzua ezartzearen bideragarritasuna eta, hala badagokio, haren diseinua proposatzea izango da. Gainera, gaur egun, ezinbestekoa da ekintza guztiak, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztientzako oparotasuna ziurtatzeko Nazio Batuek 2030erako ezarritako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuen (GIH) esparruan lerrokatuta egotea.

Kontratuaren esleipena lortzen duen enpresak lau hilabeteko epea izango du 2020- 2023 Plan Estrategiko berria egiteko, eta ziurrenik urte honen bukaerarako egongo da amaituta.