Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateko osokoak 2020rako milioi bat euro inguru izango dituen Laguntzen eta Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu du gaur arratsaldean modu telematikoan egin duen ohiko bilkuran. Partidarik garrantzitsuena, ia 820.000 eurokoa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara (GLL) bideratuko da. Ekitaldi honetan, laguntza horiek indartu egin dira, Covid-19ak sortutako krisi ekonomikoaren ondorioz egoera zaurgarrian eta arriskuan dauden kolektiboak artatzeko.

GLLek 286.030 euroko aparteko diru-laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzatik, Durangaldeko Mankomunitateak gizarte bazterketaren arriskua prebenitzeko, pertsona, gizarte eta lan arloko bazterketa egoerak arintzeko, eta Mankomunitateko udalerrietako herritarren eskubide sozialak benetan baliatzeko aukera izan dezan, baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenen gizarteratzea errazteko. Nolanahi ere, Durangaldeko Mankomunitateak eremu horretan hilero jarraipena egiteko konpromisoa hartu du bere gain, baliabide propioak handitzea beharrezkoa den ala ez jakiteko.

Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan, beste partida garrantzitsu batzuk ere onartu dira: 30.000 euro adimen urritasuna duten pertsonen integrazioa sustatzeko; 20.000 euro, bizi-baldintzak hobetzeko herri behartsuenen garapenerako lankidetzarako jarduerak egiten dituzten Durangaldeko irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat; 47.000 euro kirola sustatzeko –batez ere atletismoa eta pistako txirrindularitza–; 11.000 euro eskualdeko gizartean, kulturan, lanean eta ekonomian euskararen erabilera sustatzeko; eta, azkenik, 35.000 euro ekonomia eta enplegua sustatzeko.

Diru-laguntza horiei dagokienez, Durangaldeko Mankomunitateak laguntza horietan parte hartu ohi duten elkarteei eta erakundeei dei egin die, jarduera asko normaltasunez garatzea eragozten duen normaltasun berriaren testuinguru honetan, pertsona eta talde onuradunen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko alternatibak bila ditzaten.

Osoko bilkuran, Garaiko udalerriko –joan den abenduan Durangaldeko Mankomunitatean sartu zen azkena– ordezkarien izendapenaren eta kargu-hartzearen berri eman da; ordezkari horiek Erramun Osa Ibarloza (EAJ/PNV) eta Ane Etxeita Zabala (Herriko Taldea – HT) dira.

Bestalde, eta erakundeak eremu guztietan euskara erabiltzearen alde hartutako konpromisoaren ildotik, Durangaldeko Mankomunitateak erakundearen barruan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2020-2022 Plan berria onartu du, aurrekoa 2013koa baitzen. Mankomunitateak egindako lanak, egoeraren diagnostikoa eta erakundearen ahozko eta idatzizko jakinarazpen guztietan euskararen erabilera sustatzeko neurriak jasotzen ditu, bai erakunde barruko lanari dagokionez, bai jendeari begira. Horrez gain, langileentzako eskatzen diren hizkuntza-eskakizunak berrikusten eta esparru horretan aurrera egiteko beste jarraibide batzuk ematen dira.