Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko hiru proiektu gauzatuko ditu. Horien oinarrizko helburuak hauek dira: aholkularitza enpresa txikiei eta ertainei, Covid-19ak sortutako krisi ekonomiko egoera honetan; mugikortasun jasangarriarekin erlazionatutako negozio aukeren prospekzioa; eta ekonomiaren sustapenean gobernantza eredu berri koordinatuagoa eta dauden baliabideak hobetzeko aukera emango duena bultzatzea.

Covid-19ak sortutako osasun arloko krisiak eragin negatibo handia izan du ekonomian eta enpleguan. Durangaldeko enpresa askok ERTEak aurkeztu dituzte. Egungo egoeran, ezinbestekoa da enpresa horiei laguntzea, euren jarduera berreskuratu ahal dezaten eta, horrela, euren lana galdu dutenak lan merkatura ahalik eta azkarren itzul daitezen.

Horregatik, lehenengo proiektua Durangaldeko enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Alde batetik, administrazioetatik bultzatu diren neurriei buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua jarri da martxan enpresa txiki eta ertainentzat, enpresa horiek ahalik eta azkarren gainditu ahal dezaten COVID 19k sortutako krisi ekonomiko egoera.

Beste alde batetik, epe ertain-luzera, ekonomiaren sustapenerako eta enpresa sarearen lehiakortasunerako berrikuntza funtsezko palanka dela jakinda, eta  Euskadiko enpresa txikien eta ertainen puntu ahulena berrikuntza dela agerian geratu ostean, Durangaldeko Behargintzatik enpresen berrikuntza soslaia aztertuko da, eta euren gaitasunak eta berrikuntzako jarduera hobetzen lagunduko zaie.

Bigarren proiektuaren helburu nagusia, ekonomiaren sustapenaren alorrean eskualdeak dituen lehentasun estrategikoekin erlazionatutako negozio aukera espezifikoak identifikatzea eta Durangaldeko enpresei transferitzea da, modu espezifikoan Smart Mobility eta Elektromugikortasun kontzeptuari dagokionez, automobilgintzaren sektorean oso pisu espezifiko handia duen enpresa sarearen suspertzea bultzatzeko.

Proiektu horren bitartez, eskualdeko lehentasun estrategikoekin erlazionatutako ekintzailetza ere bultzatu gura da. Horretarako, industria adimendunaren, energia trantsizioaren, ingurumenaren eta industria sortzailearen alorretan dauden aukeren azterketa egingo da, eta ekintzailetzarako gidaliburua prestatuko da.

ERRONKA TEKNOLOGIKOA

Durangaldeko Mankomunitateak garatutako hirugarren programak, ekonomiaren sustapenean koordinazioa hobetzeko gobernantza eredu berria proposatu, kontrastatu eta sustatu gura du, Durangaldeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Modu berean, enpresa sarearekin lankidetzan eskualdean gauzatu beharreko proiektu berritzaile espezifikoen identifikazioan ere aurrera egin gura da.

Eskualdeak lankidetza publiko-pribatuko proiektu aitzindaria du 2008tik, Durangaldeko Lehiakortasunaren Poloa. Egungo ereduak hobetzeko alor garrantzitsuak ditu, eta eskualdeko eragile publiko eta pribatu nagusien iritziz beharrezkoa da hori indartzea enpresei modu eraginkorrean laguntzeko, eta gero eta ekonomia globalagoan aurrean dituzten erronka handiei aurre egiteko. Ekonomia mota horren ezaugarri nagusietakoa aldaketa teknologiko azkarrak dira.

Azken hilabeteetan, Mankomunitatea Lehiakortasunaren Poloarekin, Amorebietako Udalarekin, BEAZekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan aritu da, eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko ereduan aldaketa sakona indartzeko, eta lehenengo ildo nagusiak maila teknikoan definitu ditu. Horrela, proiektu horren bitartez beste pauso bat eman gura da, eta beharrezkoa den sozializazio, kontraste eta bultzada prozesua gauzatu eskualdeko erakunde, enpresa, zientzia-teknologia eta gizarte arloetako eragile nagusiekin, eragileen benetako beharretara egokitzeko, hobetzeko eta bere ezarpenean aurrera egiteko.