Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak Berrizko eta Abadiñoko kirol-instalazioak berriro irekiko ditu GAUR. Zehatzago esanez, Marino Lejarreta belodromoa eta Tornosolo trinketea izango dira, aurretik hitzordua eskatuta eta Covid-19tik babesteko neurri orokorrak eta pertsonen arteko segurtasunezko distantzia betetzeko zenbait murrizketarekin.

Horrela, Gobernu zentralak normaltasun berrirako trantsiziorako arintze neurrien barruan ezarritako jarraibideei jarraituz, Durangaldeko Mankomunitateak bere kirol instalazioetako batzuk berriro irekiko ditu gaur. Esan behar da, uda ostera arte, Durangoko atletismo pista itxita egongo dela, obrak direla eta. Durangaldeko Mankomunitateak Ermuko Udalarekin akordioa sinatu du, ordura arte kirolariek bertako pista erabili ahal izan dezaten.

Marino Lejarreta belodromoaren kasuan, federazioko lizentzia duten txirrindulariek erabili ahal izango dute instalazioa, gehienez 6 pertsonako taldeetan. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik, helbide elektroniko honetara idatzita: raulmena74@gmail.com. Era berean, federazioko lizentzia duten pilotariek Tornosolo trinketea erabili ahal izango dute bakarkako edo binakako entrenamenduetarako. Horretarako, aurretik lekua erreserbatu beharko dute trinkete.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikoaren bitartez.

Kasu bietan, kirolariek eta teknikariek maskara eramango dute kirol-instalaziora sartzean, eta eskuak hidrogelarekin garbituko dituzte. Barrura sartu ondoren, pertsonen arteko 2 metroko segurtasunezko distantzia errespetatuko da uneoro, eta ezinezkoa bada, maskara jarri beharko da. Instalazioetara, etxetik jantzita ekarriko den kirola egiteko arroparekin sartuko dira, eta arropa berarekin joango dira; izan ere, oraingoz, ezin izango dira aldagelak eta dutxak erabili.