Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak bizikleta eta mugikortasun aktiboa sustatzearen aldeko apustua egin gura du eta, horretarako lurraldean dauden laneko zentroak eta mugikortasuna sortzen duten beste nodo batzuk egokitzean zentratu da. Azken horien artean enpresak, Udaletxeak eta ikastetxeak daude, besteak beste.

Estrategia argia da: lurraldeko funtsezko ahalik eta konpainia eta eragile gehien inplikatzea bizikletaren eguneroko erabilera sendotzera zuzendutako proiektuetan, horrela ekintza horien irismena eta eragina handituz.

Estrategia hori zentratzeko, Mankomunitateak Cycle Friendly Employer ziurtapena bere lurraldean zabaltzea erabaki du. Ziurtagiri hori, Txirrindularien Federazio Europarrak Europa mailan bultzatu duen proiektu baten barruan dago. Proiektuaren helburua, lan egiteko guneak, egunero euren lanpostura bizikletan doazenentzat egokitzea eta horrelako mugikortasun mota bultzatzen duten enpresak aintzatestea da. Enpresak hiru kategoriatan sailkatuko dira: urrea, zilarra eta brontzea.

Eredugarri izateko xedez, Durangaldeko Mankomunitateak, proiektuari hasiera emateko bere egoitza nagusiari ziurtapena ematea erabaki du. Edozelan ere, helburua eskualde osoari ziurtapena ematea da, eta horretarako, Mankomunitateko erakundetik erakunde publikoen eta pribatuen inplikazioa eskatu da.

Mankomunitateak, ziklo-mugikortasunaren ikuspuntuan oinarritutako lurraldearen diagnostikoa egiteko eta bere egoitza nagusia horretan ziurtatzeko agindua eman dio Bikefriendlyri. Aldi berean, Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko udalak eta enpresak deitu ditu, ziurtapena zertan datzan eta langileen artean bizikletaren erabilera sustatzeak enpresentzat dituen onurak azalduko diren topaketara.

Aurreikusten denez, Durangaldeko Mankomunitateak deitu duen informaziozko bilera datorren ekainaren 3an egingo da. Bertan Carlos Martín Estatu mailako Cycle Friendly Employer programaren koordinatzaileak, Aitzol Fernández Bike Innovation Hub-eko presidenteak eta Iñigo Ansola EEEko Zuzendari Nagusiak hartuko dute parte.

Prozesuaren helburua eragile publikoak eta pribatuak lurraldearen ziurtapen prozesuarekin bat egitea bultzatzea da. Izan ere, zenbat eta gehiago izan ziurtagiria lortzeko tramiteak hasi eta euren egoeraren diagnostikoa egiten duten egoitzak, errazagoa izango da Durangaldearen beharrak hautematea eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak martxan jartzea.

Bikefriendly da Txirrindularien Federazio Europarrak Cycle Friendly Employer proiektua Espainian kudeatzeko aukeratu duen kontsultoretza enpresa, eta Euskadin Bike Innovation Hub izenekoaren eskutik egiten du lan. Enpresa elkarte hori hiru erakundek osatzen dute –Urbegik, Axalkok eta Bikefriendlyk–, eta hiriko mugikortasun aktiborako eta jasangarrirako soluzioak emateko eratu zen, egoera zaurgarrian dauden kolektiboetarako kalitatezko lanpostuak sortuko dituzten negozio ereduak martxan jarriz.