Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak, telefono bidezko laguntza izango duten eta etxetik egingo diren hiru prestakuntza ikastaro jarriko ditu martxan datorren 25ean, 60 urtetik gorako eskualdeko biztanleei zuzenduta. Prestakuntzarako modalitate hori esperientzia pilotua da, eta egungo osasun egoera kontuan izanda, ikasketa prozesua hasteko edo, hasita izanez gero, horrekin jarraitzeko aukera emango dio kolektibo horri, etxetik eta euren osasuna babestuz.

Hilabete honetan ikastaro hauek jarriko dira martxan: “Oroimena entrenatuz” (hasierako maila, tartekoa eta aurreratua), “Zelan egon lasai” eta “Loa eta osasuna”. Doako prestakuntza Abadiñon, Atxondon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Otxandion eta Zaldibarren bizi diren 60 urtetik gorakoei egongo da zuzenduta. Izena emateko epea maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik, 946200546 telefono zenbakira deituz –09:00etatik 13:00etara–, edo Durangaldeko Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzuko helbide elektronikoaren bitartez: terceraedad.mdurango@bizkaia.org

Ikastaroen helburua kolektiboaren egoera psikofisikoa hobetzeko estrategiak ikastea da, COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako ondorioak arintzen lagunduz. Ikastaro bakoitzak 5-6 saio teoriko-praktiko ditu, eta izena ematen dutenek ohiko postaz jasoko dituzte paperean ikastaroko materialak euren etxean, edo posta elektroniko edo WhatsApp bitartez, bakoitzaren aukeren arabera.

Pertsona bakoitzak profesional baten laguntza izango du, astero egingo diren 30 minutu inguruko telefono deien edo hainbat partaide izango dituzten 45 minutu inguruko taldeko bideo-deien bitartez. Kontaktu pertsonal horren helburua alderdi teorikoak indartzea, zalantzak argitzea eta pertsona bakoitzak astean zehar bere etxean egin behar dituen ariketa praktikoak azaltzea da. Prestakuntza euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango da, eta irakasleen laguntzako deiak noiz jaso, goizez edo arratsaldez, aukeratu ahal izango da.

Ikasleen jarraipena bultzatzeko, izena ematelp ordenaren arabera onetsiko diren plaza mugatuak ezarri dira. Azken ebaluaziorako, materialarekin batera, bete beharreko galdetegia bidaliko da etxera –frankeatzea ordainduta izango duen gutun-azalean–. Ikasleak bete eta Durangaldeko Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzura bidali beharko du.

 Izena emateko orria (PDF 826KB)