Albisteak

 

Durangaldeko Mankomunitateak etxez etxeko laguntza zerbitzua zabaltzea erabaki du, orain arte lau egunez edo gutxiagoz artatzen zituzten 60 laguni egun bat gehiago emanez.

Zerbitzu honen bidez, Mankomunitateak dependentziadun pertsonek bere burua zaintzeko jarduerak egiteko laguntza eskaintzen du. Adibidez, higiene pertsonala, altxatzea eta ohera sartzea, janztea eta abar egiteko laguntza. Horrez gain, etxeko lanak egiten ere laguntzen du: etxea garbitzea, ohea txukuntzea, janaria prestatzea, arropa garbitzea, plantxatzea eta horrelakoak.

Gaur egun, 115 erabiltzaile daude guztira. Horietatik, mendekotasun maila handiena daukaten 55 lagunek zerbitzua dute egunero, astelehenetik ostiralera. Eta besteek, guztira 60 pertsona, 4 egun edo gutxiagoko zerbitzua daukate eta orain, Mankomunitatearen ekimen honi esker, zerbitzu hori egin bat gehiagorekin handituta ikusiko dute. Horrela, une honetan bi eguneko zerbitzua daukanak, hiru egunekoa izango du; hiru eguneko zerbitzua daukanak, lau eguneko zerbitzua izango du; eta lau eguneko zerbitzua daukanak, eguneroko zerbitzua izatera pasatuko da, astelehenetik ostiralera.

Ekimen honek helburu bikoitza du. Batetik, osasun-larrialdiko egoera horretan dauden erabiltzaileei zerbitzu handiagoa eskaintzea, haien beharrei hobeto erantzuteko. Bestalde, enpleguari eusten laguntzea; izan ere, Covid-19ren ondorioz, pertsona batzuek baja hartu zuten, batez ere senideen etxera joateagatik, eta horrek eragin zuzena du enpresaren fakturazioan eta enpeguaren egonkortasunean.

Zerbitzuaren zabaltze horrek hobekuntza dakar erabiltzaileentzat, eta horrek ez du inolako ondorio ekonomikorik izango erabiltzaileentzat, handitzearen kostua Durangaldeko Mankomunitateak berak hartuko baitu bere gain.