Albisteak

 

Osasun-larrialdiko egoera honetan denok dugu norbait gertu zaintzeko. Mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeak beti arreta, ahalegina eta dedikazioa eskatzen ditu eta gaur egungo egoera konplexu baten aurrean, areagotu egiten da. Bizitzarako ezinbestekoak dira zaintzak, eta krisialdi honetan garrantzi handiagoa hartzen dute.

Zaindu, mendekotasuna duten pertsonen senide zaintzaileei zuzendutako programa da. Familiei laguntzeko, arreta emateko eta orientatzeko zerbitzua da, Durangaldean garatzen dena. Zerbitzua doakoa da eta familia zaintzaileei zuzendutako ekintzak, gomendioak eta baliabideak luzatzen ditu.

Krisia hasi zenetik, Zaindu Zerbitzuak etengabeko jarraipena egiten ari zaie telefono bidezko laguntza, laguntza psikologikoa edota aholkularitza jasotzen ari diren 50 senide zaintzaileri, bai mendeko pertsonak zaintzeko, bai autozaintzarako, konfinamendu luzea eramaten lagunduko duten estrategiak erraztuz eta larrialdiko egoera potentzialak hautemanez. Zerbitzua ahalegin berezia egiten ari da ere adin handiko bikote zaintzaileei laguntzeko.

Bestalde, WhatsApp bezalako sareen bidez, familiei laguntzeko materiala ere ematen da, erabiltzaileek jarduera ezberdinak egin ahal izan ditzaten eta nork bere burua zaintzeko zenbait jarraibide edukitzeko, laguntzeko sare soziala indartzeaz gain.

Osasun-larrialdiko egoera konplexu honetan, Durangaldeko Amankomunazgoak zaintzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie egiten duten lan handiagatik, eta omenaldi txiki bat eskaini nahi izan die. Horretarako gaurko ostiraleko 20: 00etako txaloak zaintzaile guztiei eskaintzea proposatu du.

Horrez gain, doako zerbitzua erabiltzen duten mendeko senideak zaintzen dituzten pertsona guztiei dei egiten die, 94 603 00 46 telefonora deituz edo zaindu.mdurango@bizkaia.org helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.