Albisteak

 

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokraziamaila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.

Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

  • Pertsonen bizitza erabakien erdigunean jartzea eta zainketen berrantolaketa sozialaren beharra.
  • Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan.
  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea.
  • Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko.
  • Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea.
  • Egiturazko desberdintasuna ezabatzea: soldata-arrakala, botere- eta erabakiesparruetara iristeko zailtasuna.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.

Udalaz gaindiko eremuan berdintasunaren konpromisoan aurrera egiteko neurri posibleak:

  • Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea, eta Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzea bere lurraldean.
  • Durangaldean emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko II. Protokoloan aktiboki parte hartzen jarraitzea.
  • Mankomunitateak dituen baliabide eta zerbitzuetara emakumeek duten sarbidearen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea.
  • Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako gizarte zerbitzuen prestazio eta zerbitzuen zorroa garatzeko lan egitea. Batez ere, etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako harrera-etxeari dagokionez.
  • Indarkeria matxisten biktimen erreparazioaren printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
  • Dibertsitate funtzionala duten eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeekin babesteko eta esku hartzeko jarduerak.
  • Erantzun instituzional bat artikulatzeko jarduera-prozedura, sexu-indarkeriaren eta beste indarkeria matxisten ondoriozko heriotzen aurrean zer eragilek parte hartu behar duten adosteko.
  • Babes handiagoa indarkeria matxistaren biktima diren haur eta nerabeei.

Azkenean, Amankomunazgo honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.