Albisteak

 

Durangoko Amankomunazgoak ez ohiko osoko bilkura ospatu du aurrekontuak onartzeko. Bilkura hasi aurretik, azken asteburuan hildako etxegabeko pertsonaren omenean minutu bateko isilunea egin dute talde guztietako kideek. Mankomunitateko Presidenteak etxegabeko pertsona bat, Jimmy izenekoa, kalean hiltzeagatik bere atsekabe sakona erakutsi du eta konpromisoa hartu du beste erakunde eta eragileekin batera lanean jarraitzeko, gizarte zerbitzuen kudeaketa eta koordinazioa hobetzeko helburuarekin. Batez ere, biztanleriaren talderik ahulenei zuzendutako zerbitzuei dagokienean.

2020rako aurrekontuak onartu ditu gaur egindako osoko bilkuran, zerbitzuak modu eraginkorrean eta kalitate irizpideekin ematen jarraitzeko helburuarekin.

2020rako aurrekontu osoa 6.694.654,80 eurokoa da, aurreko urtean baino %2,97 gehiago, eta erdia baino gehiago (%57,69) herritarrentzako zerbitzuetara bideratzen du. Herritarrak izeneko arloak Durangaldeko pertsonen ongizatea bultzatzea du helburu. Aurtengorako aurreikusitako proiektuen artean, bereziki aipatzekoak dira adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua martxan jartzea eta zaintzaileei zuzendutako Zainduz programa bultzatzea. Era berean, Amankomunazgoak iragarri du hobekuntzak egingo direla Galtzaretako gizarte zerbitzuen bulegoen irisgarritasunean eta segurtasunean (Bruno Mauricio kalea, 9. Durango).

Toki-garapeneko arloak aurrekontuaren % 31,64 izango du, eta aurreikusita dago 2020an Durangalderako hain garrantzitsuak diren ekintzak egitea: Alkarregaz Eraikiz Prestakuntza eta Enplegu Foroa sortzea; airearen kalitateari buruzko informaziojardunaldi bat antolatzea; eskualdeko mugikortasunaren diagnostikoa egitea; eta bosgarren edukiontzia eta etxeko konpostajea bultzatzeko kanpaina espezifiko bat abiaraztea.

Antolaketaren arloan, gardentasun-atari bat egiteko lehen urratsak ematen hasi gara, kudeaketa ireki eta gardenaren konpromisoarekin aurrera egiteko. Halaber, 2020an Plan Estrategiko bat egingo da, Garapen Iraunkorreko Helburuekin eta Agenda 2030ekin bat datorrena, Durangaldeko Amankomunazgoaren misioa, ikuspegia eta helburuak zehaztu ahal izateko aukera berriak identifikatuz. Era berean, eta aurreko Plan Estrategikoarekin lotuta, berdintasun-diagnostiko bat egingo da, Amankomunazgoan dauden udaletan berdintasun-zerbitzua ezartzeko modua aztertzeko, zeharkako zerbitzua dela ulertuta, erakunde guztietan beharrezkoa dena.

Antolaketaren arloko beste berrikuntza batzuk dira komunikazio-plan bat diseinatzea eta ezartzea, Amankomunazgoak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emateko, eta inbertsio-plan bat egitea, diruzaintzako gerakinarekin finantzatu beharrekoa.

Azken batean, onartutako aurrekontuek oinarrizko zerbitzuak kalitate-bermeekin eskaintzeko aukera ematen dutela uste da, pertsonen ongizatea, garapen iraunkorra eta kudeaketa irekia eta gardena helburutzat hartuta; aldi berean, etorkizuneko ikuspegia duen plangintza estrategiko bat aurreikusten dute, Durangaldeak eskualde gisa dituen aukerak sustatzera bideratua.

 2020ko ekitaldirako aurrekontu-proiektuaren txostena (PDF 385KB)