Albisteak

 

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak - Durangaldeko Behargintzak gazteen laneratzea sustatzeko HAZILAN programaren seigarren deialdia zabaldu du. Ekimen honek laneratzeko bidea hobetzeko ekintzen ibilbide osatua eskaintzen die goi mailako ikasketak dituzten (unibertsitate titulua edo goi mailako prestakuntza zikloa) eta lana aurkitu ezinik dabiltzan pertsonei.

Programa honetako partaideek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean (Aktibatu), euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez. Bigarren fase batean (Kokatu), enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Seigarren edizio hau 2020ko martxoan hasiko da eta parte hartzeko interesa duenak hitzordua eskatu dezake Durangaldeko Behargintzan, otsailaren 14a baino lehen.

HAZILAN proiektua Garapen elkarteak koordinatzen du (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak). Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.