Albisteak

 

Astolan egindako osoko bilkurak aho  batez  onartu du Garaik Durangoko Amankomunazgoarekin bat egitea. EAJk, EH  Bilduk, Abadiñoko Independenteek eta Herriaren Eskubideak aldeko botoa  eman diote Garaiko Udalean azaroaren 28an aho batez onartu zen  proposamenari. Atxikimenduak Garaiko bi ordezkari berri sartzea dakar, osoko  bilkuran, bata  EAJ alderdiarena eta bestea Herriko Taldearena. Datorren  urteko lehen hiruhilekoan zehar, Antolakuntza Batzordean eztabaidatu eta  erabakiko da Garai Informazio Batzordeetan sartzea.

1998an Garaiko Udalak Mankomunitatetik bereiztea erabaki bazuen ere,  horrela eskualdeko entearen gobernu organoetan parte hartzeari utziz,  baina  denbora honetan  Amankomunazgotik zerbitzuak eskaintzen eta Garaik bere  kuotak ordaintzen jarraitu du. Ondorioz, osoko bilkurak estimatu du  Garaik ez duela erakundean sartzeko kuotarik ordaindu behar, ohiko kuotak  soilik ordainduko dituela, eta, hala badagokio, osoko bilkurak onartzen dituen  aparteko kuotak.

"Albiste ona da Garaik Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoan parte  hartzea erabaki izana. Helburua da denon artean bizilagunen bizi kalitatea  hobetzea, bai Garaikoa, baita ere eskualdekoa. Ongi etorria emango diegu bere  ordezkariei, ideia berriak ekarriko baitituzte eta Durangaldearentzat  onuragarria izango baita", adierazi du arratsaldean Mireia Elkoroiribe  Mankomunitateko lehendakariak.

Bestalde, Euskara eta Adikzioen planak ere onartu ditu gaurko osoko bilkurak.  2019-2022 Euskara Biziberritzeko Planaren kasuan, arreta berezia jarriko da  arlo sozioekonomikoan eta kirolaren esparruan euskararen erabilera  sustatzeko.

Adikzioen Prebentziorako Planak, bestalde, 5 urteko indarraldia izango du, eta  eskolako, familiako eta komunitateko proiektuak aurreikusten ditu.

Hondakinak biltzeko zerbitzuari dagokionez, gaur arratsaldean  Amankomunazgoko osoko bilkurak Garbikerrekin hitzarmen bat sinatzea  onartu du, zerbitzuaren tratamenduari buruzko baldintzak arautzeko. Era  berean, eskualdeko erakundeak konpromisoa hartu du 2020an bosgarren  edukiontzia eta etxeko konposta bultzatzeko.