Albisteak

 

Nazioarte mailan gaur ospatzen den "Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna" dela eta, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak, Traña Matienako ikastetxeak, Abadiñoko Adinekoen Elkarteak eta Abadiñoko Udalak bat egin dute belaunaldien arteko ekitaldi bat antolatzeko, herritarrak gai horren inguruan kontzientziatzen laguntzeko.

Ekitaldia gaur izan da, 10: 30etik 11: 30era, Traña-Matienako Ikastetxean, eta erakunde horietako hainbat ordezkarik bat egin dute "Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Zuhaitza" elkarrekin egiteko.

Askotan entzun dugun Ez beti da ez! lemaz gain, Inori ez jo!, musuak!, miñik ez!, Elkarrekin jolastu!, Animaliak zaindu!, Lagunei lagundu!, Maitasuna bai! Indarkeriari ez! bezalako hainbat mezu interesgarriak loratu dira zuhaitzean.

Mireia Elkoroiribe eskualdeko erakundeko presidenteak azaldu duenez "Traña-Matienako ikastetxeko jolastokian elkartu nahi izan gara ikasleak, adinekoak, irakasleak eta erakundeetako ordezkariak," Zuhaitz "hori elkarrekin egiteko, mezu edo marrazki sinpleen bidez, indarkeria matxistaren aurkako borroka guztion kontua izan behar baita, adina edozein dela ere. Zoritxarrez, urtero gertatzen dira indarkeria matxistaren kasu berriak, eta, beraz, oraindik bide luzea dago egiteko hainbat esparrutatik, gaitz sozial hori desagerraraztea lortu arte".

Bestalde, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko arduradunek gogoratu dute tratu txarren biktima diren emakumeei arreta sozial, psikologiko eta juridikoa emateko zerbitzua eskaintzen dala, eta bertara 946 200 492 telefonora deituz sar daitezkela. 2019ko lehen seihilekoan, 12 emakume artatu dira Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko aholkularitza juridikoko baliabidean. Erreparazioaren arloan ere lan egiten dute, biktima bere eskubideen urraketa jasan aurreko egoerara itzultzeko asmoz.

Hain zuzen ere, erreparazioaren esparru horretan oinarritu da Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta onartutako adierazpen instituzionala.