Albisteak

 

Gaur “Industria arloko enpresa txiki eta ertainentzako berrikuntzaren kudeaketan esperientzia arrakastatsuak” jardunaldia ospatu da Azterlan-IK4 Zentro Teknologikoan. Kudeaketa Aurreratuaren Europear Astearen baitan antolatutako jardunaldi hau Durangaldeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta egon da.

Lan saioaren helburuak ondorengoak izan dira:

  • Enpresa txiki eta ertainek berrikuntza proiektuak garatzeko izan ditzaketen arazoak identifikatzea
  • Industria arloko enpresek berrikuntzaren kudeaketan garatutako esperientzia praktikoak ezagutzera ematea
  • Kudeaketa eredu ezberdin baten klabeak zehaztea, berrikuntza jarduteko era sistematikoa izan dadin

Mankomunitateko presidenteak, Mireia Elkoroiribek, irekiera saioan hartu du parte Fundición Tabira Institutuko Idazkari nagusia den José Javier Gonzálezekin batera. Elkoroiribek Durangaldeko Lehiakortasun Poloak eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeari begira egiten duen lana azpimarratu du. Era berean, enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren eta kudeaketa aurreratuaren aldeko apustua egiteak duen garrantzia ere aitortu du eta prest agertu da norabide horretan lan egin nahi duten enpresei laguntza emateko. Puntu honetan, aintzat hartu beharreko ekimen interesgarriak badirela nabarmendu du, aurkeztu berri den HAZINNOVA programa, esaterako.

Lehiakortasun Polotik, Antón Gorriñok, Durangaldeko enpresa txiki eta ertainen berrikuntza arloko diagnostiko bat aurkeztu du, 11 enpresekin egindako lanaren ondorioz. Diagnosi horren arabera Durangaldeko enpresa txiki eta ertainek oso zaila ikusten dute World Class mailara heltzea, baina oso argi ikusten dute posizio onean egotearen garrantzia. “Enpresa handiak zein txikiak izan, merkatuan arrakasta izateko eta posizio lehiakorra, iraunkorra eta
onuragarria mantentzeko ezinbestekoa da kudeaketa eredu aurreratuetara jotzea” ondorioztatu du Gorriñok.

Durangaldeko enpresa txiki eta ertainei bide horretan laguntzeko asmoz, jardunaldian industria arloko enpresek berrikuntzaren kudeaketan garatutako esperientzia praktiko batzuk aurkeztu dira, eskualdeko enpresa txiki eta ertainek beraien jarduerarako baliozkoak izan daitezkeen ondorioak ateratzeko helburuarekin.