Albisteak

 
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak, Abadiñon gaur egin den ezohiko osoko bilkuran, hiru informazio-batzorde eratzea onetsi du: Antolakutnza, Herritarrak eta Tokiko Garapena.

Antolakuntza Batzordea langileekin, ogasunarekin eta antolaketarekin zerikusia duten gaiez arduratuko da.

Herritarren Batzordean honako gai hauek jorratuko dira: gizarte-zerbitzuak, mendekotasunen  prebentzioa, kontsumoa, cultura, kirolak eta euskara.

Amaitzeko, Tokiko Garapen Batzordeak honako zerbitzu hauek landuko ditu: enplegurako prestakuntza, ekonomia-sustapena, turismoa, ingurumen-kontzientziazioa eta -jasangarritasuna eta hondakinak biltzeko zerbitzua.

Mahaikideek Amankomunazgoaren kudeaketan aktiboki inplikatzeko eta parte hartzeko, halaber, batzordeetan kide gehiago egotea onetsi da, zazpi kide egon beharrean bederatzi egongo baitira. Horrela, Osoko Bilkurako kideek aktiboki parte hartu ahal izango dute informazio-batzordeetan.

Bestalde, Osoko Bilkurak Amankomunazgoko presidentea %100ean liberatzea onetsi du, eta 58.098,98 euroko soldata esleituko zaio horregatik. Onartutako ordainsaria tokiko entitateko idazkariak proposatutakoa baino %9,5 baxuagoa da. Idazkariaren irizpidearen arabera, soldata hori zehazteko Amankomunazgoa osatzen duten herrien biztanleriaren media (6.669 biztanle) hartu beharko da erreferentzia gisa.

Amaitzeko, presidenteak iragarri du Javier Crespo, Abadiñoko Independienteak taldeko zinegotzia, lehenengo presidenteorde izendatuko dutela. Izendapen hori Presidentetzaren ebazpenaren bitartez egingo da Abadiñoko Udalak Javier Crespo Gobernu Batzordean udalerri horretako ordezkari izateko izendatu bezain laster.