Albisteak

 

Durangaldeko Merinaldearen Amankomunazgoko presidenteak gaur eman dio amaiera “Durangaldeko industria 4.0ra bidean. Arriskuak eta aukerak” jardunaldiari. Durangaldeko Enpresaburuen Elkartea arduratu da ekimena antolatzeaz.

Parte-hartzaileak Maristak Lanbide Heziketako Zentroan egon dira goiz osoan, eta, bertan, Durangaldeko eskualdeko enpresak eta organizazioak erronka berriei begira duten jarrera eta entitateen egoera aztertu dituzte. Helburu hori lortzeko, hainbat eragile estrategikoren askotariko bizipenen eta ikuspegien berri izan dugu jardunaldian, honako hauena, besteak beste: ACICAE, CIE Automotive, SPRI, Innobasque Mondragon Unibertsitatea eta Orkestra.

Mireia Elkoroiribek eman dio amaiera jardunaldiari, eta automobilgintzaren sektoreak eta haren industria osagarriak duten garrantzia nabarmendu du: "enpleguari dagokionez, gure eskualdeko ekonomiaren funtsezko oinarria dira enpleguari, teknologiari eta aberastasunari begira; izan ere, sektorea, gurean, ekonomiaren zein gizartearen eragile dugu, batik bat, bertan bizi garenona".

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko presidenteak ondo daki industria zein garrantzitsua den Durangaldean kalitate oneko enplegua bermatzeko, eta, beraz, konprometituta eta apustu egiteko prest dagoela nabarmendu du: "eragile aktiboa da eskualdeko ekonomia-jarduera dinamizatzeko eta, bereziki, sektore estrategiko eta industrialetan egiteko, hau da, automobilgintzan".

Bide batez, une hori aprobetxatu du azken hamar urteetan Durangaldeko Enpresen Elkartearen eta IK4-Azterlan Teknologia Zentroaren artean izandako lankidetza-ituna txalotzeko. Durangaldeko Lehiakortasun Poloa izan da emaitza, eta sendotu eta indartzeko asmoa duela adierazi du. Hain zuzen ere, hauxe esan du Elkoroiribek: "Eskualdeko eragileen arteko itun hori sendotu nahi dugu, enpresen lehiakortasuna hobetzeko babes-lana hautemangarriagoa izan dadin eta, horrela, enpleguak gora egin dezan eta fakturazioa zein inbertsioa handitu daitezen".

Elkoroiribek, amaitzeko, eskerrak eman dizkie DEEri, topaketa antolatu dutenei eta bertan parte hartu duten guztiei; izan ere, mota horretako ekimenek tokiko industria txikiari eta ertainari aukera ematen diote interes, garrantzi eta egunerokotasunarekin zerikusia duten gaietara hurbiltzeko, gero etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egin ahal izateko.