Albisteak

 

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak, Berbaro Elkartearen bitartez, berriro jarri du martxan Familian Euskaraz Olgetan programa. Egitasmoak 2013. urtean hasi zuen bere ibilbidea eskualdean eta, geldialdi txiki baten ostean, atzera ekingo dio bideari 2019-2020 ikasturte hasieran.

Jolasaren bidez euskararen familia transmisioa lantzea da programaren helburu nagusia. Hori ipar hartuta, euskaraz jolasteko baliabideak eta euskara erabiltzeko guneak eskaini nahi dizkie egitasmoak familiei. Horretarako, jolas dinamizazio saioak egingo dira parke eta eskoletako jolastokietan.

Ekimena 3 eta 5 urte bitarteko haurrei eta beraien familiei dago zuzenduta. Ordubeteko saio ludikoak izango dira, eta bertan gozamenaren bidez landuko da hizkuntza, euskara bizipen positiboekin lotzeko. Saioen metodologia dinamikoa izango da, eta haur eta helduek elkarrekin jolastuz ikasiko dituzte olgetak.

Familian Euskaraz Olgetan 2019-2020 ikasturtean

Familian Euskaraz Olgetan irailaren 25ean hasi eta azaroaren erdialdera arte egongo da martxan. Guztira 30 saio egingo dira Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuko kide diren herrietan: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarren.

Parte-hartzea doakoa izango da, baina saio bakoitzeko plazak mugatuak direnez, komenigarria da aldez aurretik izena ematea.

Saioen egutegi eguneratua www.durangaldeaeuskaraz.eus webgunean kontsultatu daiteke.

Informazio gehiagorako deitu edo idatzi Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzura

Telefonoa: 94 627 86 40
Helbide elektronikoa: euskera.mdurango@bizkaia.org

 Egitaraua (PDF 311KB)