Albisteak

 

Guztira 141 gizon eta 12 emakume hurbildu ziren aterpe zerbitzura. 153ko guztizko kopurutik, 118 pertsonek espainiar nazionalitatea zuten eta 35 atzerritarrak ziren. Neguko aterpe zerbitzua 2016ko abenduaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra bitartean egon da martxan. Tarte horretan Durangoko Amankomunazgoak Errotagaina Ostatuan 10 plaza bete ditu eta eguneko bataz besteko okupazioa 3,67 pertsonakoa izan da, aurreko urteetako datuetatik oso antzera. Zabalik egon den tartean hamar plazak behin bete dira.

Aterpeko erabiltzaileek gehienez hilean hiru gau pasa ahal dituzte aterpean. Eguraldi txarragatik edo tenperatura baxuengatik ematen diren alerten kasuan egonaldia automatikoki luzatu daiteke. Pertsona hauen perfilari dagokionez, baliabide honen erabiltzailea espainiar nazionalitatea duen 40 eta 55 urte arteko gizona da.

Amankomunazgoak 28.129,20€ko aurrekontua bideratu du neguko aterpera. 2015eko abendutik 2016ko martxora bitartean aldaketa garrantzitsu bi egin ziren zerbitzuan: denboraldi osoan zehar hiru gau pasa ahal izatetik hilero hiru gau egin ahal izatera igaro zen, eta aterpean sartzeko ordutegia ere handitu zen. 2016tik 2017rako neguan, aldiz, afaria eta gosaria hobetzeko ahalegin berezia egin da.

Neguko aterpe zerbitzua martxan egon den bitartean ez da gertaera azpimarragarririk egon. Amankomunazgoak Durangoko Udaltzaingoari bere lankidetza eta inplikazioa eskertu nahi dizkio, eta era berean, Gizarte Zerbitzuen, Durangoko Udaltzaingoaren eta Errotagaina Ostatuko pertsonalaren arteko koordinazioa nabarmendu nahi du.

2018.urterako erronka nagusia aterpe zerbitzua urte osora hedatzea da, berau Ermua, Mallabia, Zornotza eta Berrizko herritarrei eta Lea Artibai eta Lea Ibarrako Amankomunazgoei hedatuta. Era honetan Eusko Jaurlaritzak 2015eko abenduan onartutako Gizarte Zerbitzuen Kartera Dekretuan jarritako helburuak beteko dira.

Pasadan neguan aterpetxeak hartutako pertsonak
Sexua Guztira Nazionalitatea Batezbesteko okupazioa
Emakumea Gizona Espainiarra  Atzerritarra
Abendua 2 37 39 28 11 3,39
Urtarrila 0 26 26 21 0 3,90
Otsaila 5 37 42 35 7 3,64
Martxoa 5 41 46 34 12 3,74
Guztira 12 141 153 118 35 3,67