Albisteak

 

Durangaldeko Amankomunazgoko euskara zerbitzuak eskualdeko gazteei begirale ikastaroa euskaraz eta dohainik eskaini nahi die; izan ere, aisialdiko jardueretan euskararen erabilera bultzatzeko, garrantzitsua da begiraleek prestakuntza egokia izatea.

Eskolak urrian hasi eta maiatz inguruan amaituko dira. Hilean asteburu bitan elkartuko dira gazteak Durangaldeko Behargintzan, baina asteburu pasa joateko aukera ere izango dute parte-hartzaileek. Alde teorikoaz gain, nahitaezkoa izango da praktikak egitea eta memoria entregatzea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren titulu ofiziala eskuratu ahal izateko.

Gainera, Amankomunazgoak ordainduko die ikastaroaren matrikula “gazteei, betiere baldintzak betetzen badituzte,” azaldu du Amankomunazgoko jarduneko presidenteak.

Hauexek dira bete beharreko baldintzak: 2015eko abendurako 18 urte izatea, euskara maila ona edukitzea eta Amankomunazgoko Euskara Zerbitzua osatzen duten herrietako batean erroldatuta egotea –Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar–.

Interesdunek irailaren 1etik 18ra bitartean eman dezakete izena, Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuan (Laubideta 6, Durango). Matrikulaziorako agiri hauek ekarri behar dira: argazki bat, nortasun-agiriaren fotokopia eta errolda-ziurtagiria.

Informazio gehiago nahi baduzu, idatzi mezu bat euskera.mdurango@bizkaia.org  helbidera edo deitu 946232522 telefono-zenbakira.

Egitasmo honek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.

 Informazio gehiago (PDF 328KB)