Albisteak

 

San Trokaz txapelak Gandiaga eta Landa-rentzat izan dira aurtengoan. Ostiraleko finalean Mikel Gonzalez eta Ugarte faboritoak hartu zituzten mendean 35-40ekoarekin. Final guztia aurretik egin zuten eta, nahiz eta, pare bat alditan berriztarra eta bere atzelaria hurreratu baziren ere ez ziren garaipena lortzeko gai izan.

Irabazleak beren lana fin egin zuten, ez ordea galtzaileak. Inhar Ugarte-k aspalditxoan jokatutako partidu eskasena jokatu zuen eta bere kideak ez zuen gabezi hori gainditzen jakin. Mikel Gonzalez-ek partidua bere gain hartu beharra zeukan kantxan gertatzen ari zena ikusita baina ez zuen hartu. Hobe esan, hartzea otu zitzaionerako berandu zen jada.

Aurrekoa, promesa mailakoa, bizia eta estua izan zen baina azken txanpan Ziarrusta eta Uribe gailendu ziren 30-28 Fullaondo eta Joseba Bilbao-ren aurkakoa. Umeen finalak Markina (benjamín maila) eta Olaburu-k (alebin maila) eraman zituzten.