Albisteak

 

Lan-mundua ezagutzeko eta enplegua bilatzeko, trebetasun, gaitasun eta jarrerei buruzko ikastaroa ematen ari da Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa-Durangaldeko Behargintza, “la Caixa”ren Gizarte Ekintzarekin lankidetzan. Prestakuntza honek langabezian dauden pertsonei lana bilatzen lagundu nahi die. Horretarako, norberaren gaitasunak, autokonfiantza eta garapen soziolaboraleko oinarrizko ezagutzak sustatuko dira.

Programa honen helburuak ondorengoak dira:

  • Hausnarketa eta autoezagutza sustatzea, norberaren indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren identifikatzeko.
  • Norberaren benetako motibazioak identifikatzea eta indartzea.
  • Lan-munduarekin lotuko nauten gako pertsonalak aurkitzea. Zein da nire balio erantsia?
  • Egoera bati aurre egiteko modu desberdinak ezagutzea, momentu bakoitzari ondoen datorkiona aukeratu ahal izateko.
  • Gizarte eta lan arloko ohiko egoerei aurre egiteko, komunikatzeko abilezia eta estrategia desberdinak eskuratzea.
  • Komunikatzeko, egoteko edo egiteko modu bakarra ez dagoenez, egoera bakoitzari ondoen datorkion modua aukeratzearen garrantziaz hausnartzea.
  • Ahal den neurrian, ikastaroko parte-hartzaileen harreman sozialak hobetzea eta lan merkatuan txertatzeko aukerak handitzea.

Programa honek pertsonengan aldaketa esanguratsu eta iraunkorra lortu nahi du, eta eurengan eragin onuragarria du. “Orain motibatuta sentitzen naiz, baikorrago. Badakit non nagoen eta, batez ere, argi daukat nora joan nahi dudan. Segurtasuna irabazi dut”, azaldu du ekainean egindako ikastaroan parte hartu duen batek. Beste batek zera dio: “Ikastaro emankorra eta motibatzailea da, merezi du ikastaro hau egitea. Etorkizunerako komenigarria litzateke ikastaroa luzatzea, motz gelditzen baita. Hezitzaileak bikainak dira”.