Albisteak

 

Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoak prebentzioko zerbitzuaren izendapen berria onartu berri du eta horretaz gain 2014-2018 plan berria ere.

Hirugarren Plan Lokal honetan, “2014-2018, Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoko, aurrerantzean DMA, Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Plana”, aurreko planean txertatutako programekin jarraitzeko asmoa dugu, beti ere ekintzak hobetu, egokitu eta berrituz, gaur egungo beharrak kontutan izanik. Horretarako, kontutan izan ditugu bai eginiko inkesta eta ikerketak eta baita programa bakoitzarekin burutzen diren ebaluaketak ere.

Eusko Jaurlaritzaren 2.011-2.015 “Adikzioen VI. planaren” irizpideak jarraituz berrikuntza batzuk erantsiko dira. Euskal erkidegoko planean ez da bakarrik drogekiko dependentzia kontutan hartzen, beste adikzio batzuk ere txertatzen dira, batez ere ludopatia.

Hau dela eta, Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoko plan lokal berriak ere beste adikzio batzuk kontutan hartuko ditu bere programa eta ekintzetan. Honen ondorioz, bere izena aldatu egingo da eta “DMAko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Plan Lokala” izango da.

Plan berrian, substantzia gabeko adikzioen prebentzioa sartzerakoan, kontu handia izan behar dugu portaera bat adikzio bat bezala katalogatzeko orduan; izan ez arren, izen hori ematen diogunean, alde batetik gizartearen alarma sortzen dugulako eta beste batetik benetako adikzioek sortzen dituzten arazoak gutxiesten direlako.

Horregatik kontu handiarekin ibiliko gara hitzak erabiltzerakoan, okerreko interpretazioak egin ditzakegulako. Hala ere, adi egongo gara, adikzio moduan diagnostikatuta egon ez arren, pertsonen ongizatean eta osasunean arazoak sor ditzaketen portaeren aurrean.

Beste adikzio batzuk lantzeko orduan, alde batetik Eusko Jaurlaritzako Menpekotasunen VI Planean agertzen direnak kontutan hartu ditugu; eta beste batetik gizarteak planteatzen dizkigun beharrak.

Kontutan izan ditugun alderdi batzuk ludopatía, Internet eta bideojokoak izan dira; baina ez ditugu begi bistaz galduko biztanleen beharrak, eta hain azkar aldatzen dela ematen duen gizartearen aldaketatara egokituz joango gara.

 Informazio gehiago (PDF 87KB)