Albisteak

 
Durangoko Merinaldeko Amanzkomunagoa, euskera alorrean lanean diharduten eragileekin batera, aurtengo Berbalagun programa aukezten du. Programa hau, Mintzapraktika-programa den heinean, elkarlanetik abiatutako egitasmoa da. Durangaldean egitasmo honetako eragile nagusiak honako hauek dira: aek, Durangoko udal euskaltegia, Hizkuntza eskola, Barriketan, Berbaro eta Eixu euskara-elkarteak, eta Administrazioa – bai udalak, bai mankomunitatea - dira; hau da, euskararen ezagutza landu, euskararen erabilera bultzatu eta herriagintearen babesa eskaini ahal duten erakundeak.

Berbalagun programak, hainbat egoera eta jarduera sortuz eta antolatuz, euskara praktikatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko aukera eskaintzen dio herritarrari. Gainera, eskualdeko herrietako euskaldunek elkar ezagutzea eta herritarren euskara-maila hobetzea ahalbidetzen duenez gero, euskal komunitatea trinkotzeko tresna garrantzitsua da Berbalagun.

Berbalagun programa sustatzeak eta bertan parte hartzeak euskarari onura baino ez dakarkiotena argi dago:
  • Euskara-maila hobetu eta ikas-prozesua bizkortu egiten da.
  • Euskararen normalizazio-prozesuko eragile aktibo bihurtzen dira egitasmoaren sustatzaileak.
  • Euskarazko harreman-sareak sortu eta erabilera-gune berriak irabazten dira.
  • Hizkuntzarekiko atxikimendua eta motibazioa areagotu egiten da.

HISTORIA


2000. urtean, Elorrioko euskararen erabilera urriaz arduratuta -eta ardura horrek eraginda-, AEK-k, Udalak eta Barriketan euskara-elkarteak Berbabarri (Berbalagunen orduko izena) proiektua eurenganatu eta Elorriora inportatzeko misioa hartu zuten. Euskararen erabilera urriaren kezka berak eraginda, 2003. urtean Durangora eta Berrizera, 2008. urtean Zaldibarrera, 2009. urtean Abadiñora eta 2010. urteko abenduan Iurretara zabaldu zen Berbalagun egitasmoa.

Dagoeneko hamalau urte igaro dira Berbalagun Durangaldean hasi zenetik. Eta urte hauetan Berbalagunek tinko heldu eta eutsi die proiektuaren hasierako izaerari eta helburuei:
  • Berbalagunek borondatezko izaera du eta proiektu irekia da (euskara praktikatzea, euskaraz bizitzea edota euskaraz bizi nahi duenari laguntzea helburua duen herritar orok har dezake parte Berbalagunen).
  • Berbalagunen helburu nagusia "euskara sendatzea eta sendotzea da"; hau da, euskarak kalean duen presentzia areagotu, erabileraesparruak zabaldu eta euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak harremanetan jartzea.
Gaur egun Berbalagun egitasmoa Durangaldean ezaguna da, finkatuta edo finkatzeko bidean dago (herrien arabera) eta hainbat herritarrentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu da euskara lantzerako orduan. Horren erakusle dira azken urteetako partaide kopuruak: iaz 200 kide baino gehiago aritu ziren 28 taldetan banatuta eta ikasturte honetan ere antzerako kopuruak espero ditugu.

ADMINISTRAZIOAREN BABESA

Durangaldeko Berbalagun egitasmoak ezin izango luke aurrera egin Durangaldeko udalen babesik eta laguntzarik barik, Udalak eurak baitira egitasmoaren babesle nagusiak. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa ere Durangaldeko Berbalagun egitasmoen babeslea da.

Proiektuak aurrera egingo badu, ezinbestekoa du administraziotik jasotzen duen babesa.

Izena eman nahi dutenek Durangaldeko AEK euskaltegietan, Durangoko Udal Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan, udaletako euskara zerbitzuetan edo kultur etxeetan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (639 400 786) edo e-mailez (durangaldea@aek.org) ere. Informazio gehiagorako blog-a (www.durangaldea.blogspot.com) eta facebook-a ere badaude.

EKINTZA OSAGARRIAK

Berbalagun egitasmoak ekintza osagarriak antolatzen ditu, Berbalaguneko partaideei eta gainontzeko herritarrei zuzenduta. Ekintza hauen helburua, herritarrei euskaraz, bestelako jarduerak egiteko aukera ematea da. Urtero egin ohi diren kultur lehiaketa edo sagardotegira irteeraz gain, aurten, bestelako ekintza batzuk ere badaude aurreikusita. Esate baterako, iaz abian jarri eta arrakasta handia izan zuten kakorratz eta puntu taldeak, sukaldaritza saioak, eskualdea ezagutzeko irteerak... Horietan guztietan, dohainik parte hartzeko aukera izango du herritar orok.

Berbalagun guztiek bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila eskuratu ahalko dituzte.

Durangaldeko herritarrak Berbalagun egitasmoan parte hartzera animatu nahi ditugu: euskara gustuko baduzu, euskara praktikatu edo hobetu nahi baduzu, edo konfiantza hartu nahi baduzu. Zatoz Berbalagunera!

Euskaraz ondo badakizu, eta ikasi edo berba egin nahi duenari laguntzeko prest bazaude ere. zatoz berbalagunera!

Aurten, ikasturteari hasiera emateko, Mintzodromoa antolatuko da Durangon. Hau da: hiru gai ordubetean euskaraz berba egiteko, jendea ezagutzeko eta euskaraz gozatzeko. Hori guztiori kafetxo baten inguruan. Batxillerreko ikasleak, euskaltegietakoak, Berbalagunak eta herritar guztiak daude gonbidatuta mintzodromoan parte hartzera. Hitzordua Plateruena Kafe Antzokian izango da, urriaren 29an eta saio bi izango dira: goizeko 10:00etan bata eta arratsaldeko 18:00etan bestea. Mintzodromoan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, antolaketa arazoak ekidite aldera.

Horretarako, Plateruena Kafe Antzokian, durangaldea@aek.org -n edo 639 400 786 telefonoan izango da aukera, urriaren 22a baino lehen.