Albisteak

 

Galizia, Santander, Valentzia, Fuerteventura, Irun eta Madrileko 8 taldek hartuko dute parte ekitaldi honetan. Durango ere protagonista izango da Bidezabal Taldearekin.

Larunbatean emakumezkoen frogak garatuko dira, eta igandean gizonezkoenak.

Maila altuko atletak egongo dira txapelketa honetan: Isabel Macias, Ruth Beitia edo Berta Castells, besteak beste.

400 atleta inguru arituko dira asteburu honetan Amankomunazgoak Durangon duen atletismo pistan, bertan ospatuko baita taldeen arteko Ohorezko Mailako eta Lehenengo Mailako Espainako Txapelketaren bigarren jardunaldia.

Lehenengo frogak larunbatean, maiatzaren 19an, ospatuko dira. Egun honetan emakumezkoen ohorezko mailako lau talde arituko dira, Estatuko puntu desberdinetatik etorriko direnak. Talde bakoitzak 50 atleta inguru izango ditu. Horien artean Durangoko Bidezabal Atletismo Taldea egongo da. Aurkariak Valencia Terra i Mar -Espainako txapeldun azken hamabi urteetan-, Playas de Jandia (Fuerteventura) eta Piélagos Inelecma (Santander) izango dira. Frogak 17:00etan abiatuko dira eta sari-banaketa 20:00etan izango da.

Igandean, maiatzaren 20an, gizonezkoen taldeak arituko dira, Estatuko Lehenengo Mailako bigarren jardunaldia izango dena. Kasu honetan, Bidezabalen aurkariak Alcorcón (Madril), ADAS o Barco (Galizia) eta Super Amara BAT (Irun) izango dira. Frogak 10:00etan hasiko dira eta sari-banaketa 13:30ak inguruan izango da.

Emakumezkoen kategorian “Estatuko atleta onenak lehiatuko dira”, azaldu du Aitor Casalek, Bidezabal Atletismo Taldeko zuzendari teknikoa. Honela, ospeko izenen artean hurrengoak daude: Isabel Macías, 1.500 metrotan; mailu-jaurtiketan Espainako errekordun den Berta Castells; Ana Torrijos 100 metroko hesi-lasterketan; Alicia Varas eta Belen Recio 100 metro lauetan; Kantabriako Ruth Beitia altuera-jauzian; Úrsula Ruiz pisu-jaurtiketan; edo Zulema Fuentes-Pila oztopo-lasterketan. Haietako asko uda honetan Londresen ospatuko diren Olinpiadetan egongo dira.

Ekitaldi hau Internet bidez emango dute eta aurrez grabaturik Teledeporte telebistakanalean. Durangon bilduko den atleta kopuru handia ez da bakarrik kirol-instalazioetan nabarituko, herriko hoteletan ere nabarituko da. Hori dela eta, “Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak txapelketa hauen aldeko apustuak egiten jarraituko du, pistaren harrera ona frogatzen dutenak eta antolatzen duen taldearen eta Amankomunazgoaren esfortzua saritzen dutenak”, azpimarratu du Oskar Zarrabeitiak, Amankomunazgoaren presidenteak.