Albisteak

 

Maiatzaren 1etik, Artez Euskara Zerbitzua Koop. E. enpresa da zerbitzua kudeatzeaz arduratzen dena.

Proiektu berrien artean plataforma digital bi martxan jartzea jasotzen da, Durangaldeko euskararen ataria eta Beharsarea, albiste desberdinak, ekitaldiak, proiektuak, eta euskarazko lan eskaintzak eta eskaerak jasotzeko erabiliko direnak.

Izarren distira, Berbalagun eta Euskaragida izango dira 2012an zehar jarraituko diren proiektu batzuk.

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak aurtengo aurrekontuetan jasotzen duen euskara zerbitzurako idazpena %31 handitu du. Horrela, 119.677 euroko aurrekontua bideratu da Durangaldean euskeraren normalizazioa eta dinamizazioa bultzatzeko programa desberdinak garatzeko. “Euskeraren eta gure eskualderako proiektuen aldeko apustua garbia da”, azaldu du Oskar Zarrabeitiak, Amankomunazgoaren presidenteak. “Azken boladan urrats garrantzitsu bat eman dugu arlo honetan, Berriz zerbitzu honetara gehitu baita”, azpimarratu du Zarrabeitiak.

Aurtengo nobedadeen artean maiatzaren 1etik Artez Euskara Zerbitzua Koop. E. enpresa zerbitzua kudeatzeaz arduratzen dena dela dago, Elhuyar enpresa ordezkatuz. Kontratua urte baterako izango da, eta beste urte bat luzatzeko aukera egongo da. 35.400 eurorekin esleitu da. Gainera, Amankomunzagoak euskerako teknikari postua sortuko du epe laburrean. “Amankomunazgo eta Udaleetako teknikari eta arduradunekin egiten den lanari gehituta, balio handiagoa eskainiko dio zerbitzuari”, aipatu du Zarrabeitiak.

Proiektuak

Proiektuen kapituluan, euskera sailak 71.223 euroko aurrekontua du urtero, eta kopuru horrekin hainbat proiektu jarriko dira martxan. Haien artean eskualdean oso ezagun diren batzuk daude: Izarren Distira, Berbalagun, Euskaragida, Aisialdiko begirale ikastaroa eta Futbola oinarritik euskaraz. Hauetara beste batzuk, berriak, gehituko dira. Zentzu honetan, 2012an, Amankomunazgoaren apustua euskeraren arloan teknologia berrien garrantzia azpimarratzea izango da. Gauzak horrela, bi plataforma digital ipiniko dira eskualdeko herritarren esku: Durangaldeko euskararen ataria eta Beharsarea.

Lehenengoan euskararekin zerikusia duten Durangaldeko albiste, proiektu eta ekitaldiak jasoko dira. Bigarrenean, ordea, euskerazko lan eskaintza eta eskaerak jasoko dira.

Gainera, Amankomunazgoak inguruan burutzen diren beste aktibitate eta proiektuei laguntzen jarraituko du. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finantzaketan 3.000 euro jarriko du, adibidez. Liburu ta Disko Azokan, Gerediaga laguntzen du egutegiak eta Astola urtekaria egiten. “Ezarritako lan egiteko era ona da. Badakigu askoz gehiago hobetu behar dugula oraindik, baina Durangaldean euskeraren aldeko apustu garbia dagoela ikusten dugu. Agente, elkarte eta erakunde publikoen mailan gero eta elkarlan gehiago dago, oso positiboa dena”, azaldu du Zarrabeitiak.